Aurkeztutako lan guztiak Iturri kultur etxean erakutsiko dituzte ekainaren 18tik 30era.
Ekainaren 11ra arteko epea ipini dute aurtengo Ferixa Nausikoetako kartel lehiaketan lanak aurkezteko. Herritarrek botoa emateko aukera edukiko dute, eta iritzi horiek kontuan izanda, epaimahai tekniko batek hartuko du azkeneko erabakia. 500 euroko saria jasoko du irabazleak. Anboto astekaria lehiaketaren babesle da.
Udalaren erregistroan aurkeztu beharko dute interesatuek euren lana. Luma paperean eta euskarri digitalean eroatea eskatu dute antolatzaileek. Irudian, hurrengo esaldia agertu beharko da: Ferixa Nausikoak 2012-Elorrio-abuztuak 31-irailak 9. Lan guztiak Iturri kultur etxean erakutsiko dituzte ekainaren 18tik 30era. Irabazleaz gainera, gainerako kartelak ere jaietako esku-liburuan publikatuko dituzte.
Feria protagonista
Iraileko lehenengo domekako feriaren bueltan ospatzen dira jaiak. Horregatik, feria izan da inspirazio-iturri sarritan aurreko urteetan. Iaz, Libe Mimentzak ortuariak erabili zituen kartel irabazlea ilustratzeko.