Goizaldeko 01:20ean gertatu da erasoa Elorrioko batzokiaren beheko solairuan. Joseba Mujika alkateordeak azaldu duenez, "tabernari su ematen saiatu dira, baina kristal blindatua dutenez ez die kristala apurtzeko denborarik eman. Antza denez pertsona batek ikusi egin ditu eta alde egin dute". 01:30 inguruan berriz, Ortuburu kaleko musika lokal bat erre dute.
Ez da zauriturik izan, baina musika lokala kiskalita gelditu da. Honetaz gainera, kontainer bat eta kotxe bat ere erre dituztela zabaldu dute. Kontainerra Oidor Berriozabalbeitia kalean erre dute, 02:00ak aldean. Kotxea Lekeriketa auzoan agertu da, suteagatik sabaia kaltetuta. Ertzaintzak ikerketa zabaldu du, sute guztien artean loturarik egon daitekeen jakiteko. Rodolfo Ares sailburuak suteak ez ditu kale borrokagaz lotu: "Zantzu guztien arabera, Elorrioko ekintzak ez dira kale borrokakoak".
Ana Otadui alkateak ohar bidez kritikatu ditu ekintzak: "Gaitzesgarria da gure kaleetan biolentzia mota hau jasan behar izatea, bakean elkarbizitzeko garaia baita". EAJk “iritzia emate argia” eskatu die talde politiko guztiei gertatutakoaren inguruan. Ezker Abertzaleak elkartasuna adierazi dio EAJri, baita kalteak jasan dituzten norbanako zein taldeei ere. Gainera, komunikabidetan agertutako adierazpenak "interesatuak eta distortsionatzaileak" direla esan du: "Dei egiten diegu Elorrioko alderdi politikoei gertakari hauek beraien interes politikoen arabera erabili ez ditzaten". Aralarrek gaitzespena agertu du: "Giza eskubideen eta normalizazio prozesuaren kontrako ekintza da". PPko Carlos Garcia zinegotziak sabotajea gaitzetsi eta elkartasuna adierazi dio EAJri.