Elorrion Denboraren Bankua lako ekimenik sortu ote daitekeen eztabaidatuko dute.
“Gaur egungo egoera hobeto ulertzea eta aurrerantzean zer eredutara jo dezakegun azaltzea”. Helburu horregaz antolatu du Kainaberak aurtengo Maiatzeko Hitzaldiak zikloa. Eguenean, maiatzaren 24an, izango da lehenengo berbaldia, 19:30ean, Iturri kultur etxean.
Hiru saio izango dira. “Krisi ekonomiko globalaren aurrean azalpen argiak eta kritikoak emango dizkiguten hizlariak gonbidatu gura izan ditugu”. Patxi Zabalo EHUko irakasleak Zergatik gaude krisian? izeneko berbaldia eskainiko du eguenean. Krisi honek 1929koagaz dauzkan antzekotasunak aztertuko ditu bertan, besteak beste. Desazkundea mugimenduko Pedro Ugarteren txanda izango da maiatzaren 31n. Desazkundea: Bizitza maila vs kontsumo maila? izendatu du bere berbaldia.
Ekainaren 7rako Denboraren Bankua ekimeneko ordezkariak gonbidatu dituzte. Herritarren gaitasunak eta trebeziak dedikazio tarteen arabera trukatzen dute. Ekimena ezagutzeaz aparte, Elorrion horrelako ekimenik sortu ahal den aztertuko dute.