Ez beltza, ez zuria. Historiako ideologia eta pertsonaietan gris tonalitate asko daudela dio Iñigo Bolinaga historialariak. Alde guztien ikuspuntua ulertzen saiatzen dela dio elorriarrak. Faxismoa eta marxismoa lako ideologietan sakondu du.
Faxismoa, sozialismo utopikoa, Gerra Zibila, Errusiako Iraultza, Nafarroako konkista... Oso gai desberdinak landu dituzu liburuetan.
Bai, ideologia politiko asko ukitu ditut, beti interesatu izan zaizkidalako. Interesak mugitzen nau. Niri historia izugarri gustatzen zait, eta orduan, ez daukat justifikatu beharrik esanaz ‘garrantzitsua da gizartearen garapenerako’. Beste barik, gustatu egiten zait, eta dibulgatu gura dut.
Azken liburua, ‘El Testamento’, Nafarroko konkistari buruzko nobela da.
Ikuspuntu berri bat ekarri gura nuen; 1512tik ia mende batera Espainiako errege-erreginek zeukatena. Ez zeukaten kontzientzia garbi. 1598an Karlos V eta Felipe II erregeek pertsona jakitunak batu zituzten batzarrean, Nafarroa Espainiako erresumarena zela legitimatzeko. Batzar horren akta kontserbatzen da, eta horretatik abiatuta batzar hori teatralizatu egin dut. Gaztelak eman zituen justifikazioak ikus daitezke. Zer pentsatzen zuten irudikatu gura izan dut. Ez da erraza izaten. Gaur egun zer pentsatzen du Raxoik? Diskurtso ofizial bat dauka, baina benetan zer pentsatzen duen bere emazteak baino ez du jakingo.
Kontatzen duen pertsonaren arabera, historia aldatu egiten da. Inpartziala izaten ahalegintzen zara?
Ez dut guztiz neutrala izan gura, baina bertsio guztiak eman gura izaten ditut. Gerra Zibilaren gaia lantzerakoan, esaterako, eskumari egurra ematen diot, baina ezkerrari ere bai. Ikuspegi denak eman eta ulertzen ahalegintzen naiz, besteen lekuan ipintzen. Konpartitu ez arren, nik oso ondo ulertu ahal dut Hitlerrek zer pentsatzen zuen. Historiako ‘txarrak’ izan direnen kasuan batez ere, euren ikuspegia ulertzen saiatzen naiz. Aberasgarria dela uste dut. Historia bizitza bezalakoa da: ez da ez zuria ez beltza, gris eskala bat dago. Ez daude onak eta txarrak, indio eta bakeroen pelikuletan moduan.
Historia laburtu eta liburuan ipintzea gaitza izango da...
Nik uste dut errazagoa dela liburu aspergarri bat idaztea gauza xume bat idaztea baino. Lehen liburuagaz, faxismoarenagaz pasatu zitzaidan hasieran itzeleko liburua idatzi nuela pentsatu nuela. Nire bikoteari eman, eta bera ez zen ezertaz enteratzen. Asko moldatu eta orraztu behar izan nuen. Gaitza da laburtzea, gauzak aukeratu behar dituzulako. Adibidez, protagonistetatik erreferentziazko gutxi batzuk aukeratzen ditut.
Zein libururekin geratu zara gustoren?
La gran utopia-gaz. Sozialismo utopikoaren gaineko liburua da, ia nobela moduan idatzitakoa. Pertsonaia horiei buruz berba egin gura nuen, historian ahaztuta geratzen direlako maiz. Sozialismoa Marx eta Engelsen ideologiatik datorrela esaten da, eta sozialismo utopikoa mespretxuz tratatzen zuten. Baina ideologia horrek eduki du bere garrantzia; Robert Owen, adibidez, kooperatibismoaren sortzaileetako bat izan zen, eta sozialista utopikoa izan zen. Historian ahaztuta geratu den jendea da. Mundu hobe baten alde lan handia egin zuten, ondo irten ez arren, agian benetan utopikoak zirelako.
Historiaren inguruan mito ugari egoten dira. Ondo irakasten da iraganean gertatutakoa?
Ez, ez da modurik egokiena. Etiketekin funtzionatzen dugu gauza guztietarako, kontzeptuak sinplifikatzeko, eta lehen pausua emateko ondo dago, baina sakontzen hasiz gero... Historiari buruz gutxi dakiten pertsonek gauzak ‘oso argi’ izan ohi dituzte. Baina sakontzen hasiz gero, konturatzen zara gauzak ez direla uste bezain xumeak. Ahalegindu behar gara jendeak oinarrizko ideia bat eduki dezan, ahalik eta etiketa gutxienekin.
Gaur egungo egoerak beste momentu historikoren baten antza al du?
Nik uste dut ezin dela konparaziorik egin. Esaten dute zikloak egoten direla, historia errepikatu egiten dela; ez nago horrekin ados. Katedratiko handiek baietz esaten dute, eta ez diet eztabaidatuko, baina nire iritziz ez dago ziklorik. Nire ustez, ezin da aurreikusi etorkizunean zer etorriko den iraganean gertatutakoak aztertuta. Ulertu dezakezu orainaldia, iraganari buruz daukazun ezagutzarekin. Orainaldira egokitu zaitezke eta beste mota bateko etorkizun bat eraiki historia ezagututa. Baina etorkizunean zer gertatuko den jakitea? Ez, ez dut uste hori egin daitekeenik.