Lurjabe bategaz hitzarmena sinatu du udalak, EAJk eta PPk babestuta.
Leiz Miñota auzoko Plan Berezia diseinatuko du udalak. Korporazioak hirigintza antolamenduaren gaineko hitzarmena sinatu du auzoko lurjabe bategaz, eta plana urtebetean egiteko konpromisoa hartu du.
Iaz onartutako Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO) landa guneentzako eskubide urbanistikoak zehazten ditu. Hamasei etxebizitza daude Leiz Miñotan, eta zortzi gehiago egin ahalko dira. Udalagaz hitzarmena sinatu duen jabeak, hiru etxebizitza egin ahalko ditu, bi eraikinetan. Udalak lurjabe horren 12.000 metro koadroko lurra jasoko du. Hitzarmenak, lurrak jasotzeko epea aurreratzea dakar, Plan Berezia egin ahal izateko. Urbanizazioak, ura eta argiaren instalazioak edota eraikin berrien kokapena zehaztuko dituzte Plan Berezian, besteak beste.
Bildu: “Onura handiegia”
EAJk eta PPk alde bozkatu dute, baina Bilduk ezezkoa eman dio hitzarmenari. Xabier Orbegozoren ustez, jabeari “onura handiegia” ematen zaio, eta “eskubide urbanistikoak baldintzatzen dira”. Bestelako distribuzio baten alde agertu da, eta auzotarren iritzia ez dela kontuan hartu kritikatu du. Bestalde, jabea auzoan granja bat zeukan enpresa bat da, eta eraikin hori erortzeko zorian dagoela-eta, arriskutsua dela dio Bilduk. Ahal den arinen botatzeko konpromisoa eskatu dio gobernu taldeari.
Granja botatzeagaz, ados
Joseba Mujika alkateordea ados agertu da, erortzeko dagoen granjaren kasuan, eta eraisteko konpromisoa hartu du. Baina, gainontzean, erantzun du eskubide urbanistikoak HAPOn ezarritakoak direla, eta auzotarren iritzia Denon artean parte-hartze prozesuan hartu zela.