'Eskola bidea' egingo dute, segurtasuna hobetzeko

Anboto 2012ko api. 28a, 08:38

Bideko segurtasunaz gainera, ingurumenagazko \'onurak\' ekarriko dituela diote

Bideko segurtasunaz gainera, ingurumenagazko "onurak" ekarriko dituela diote.

 

Mugikortasun plana landuko dute Elorrion, \'Eskola bidea\' deituko den proiektua martxan ipiniz. Segurtasuna, bideei eta ingurumenari begira, handitu gura dute ordezkariek. Ekimen honek umeen autonomia, segurtasuna eta konfiantza bultzatzen du, euren auzoetako kaleetan jolastu eta joan-etorriak haiek bakarrik egin ditzaten. Honekin batera, gaztetxoei ikastetxera nagusi baten laguntza barik joan ahal izateko aukera eskaintzen zaie, eta gainera, modu jasangarrian, aipatu du Ana Otadui alkateak.

 

Ikasleen mugikortasun ohiturak galdeketa bidez aztertzen hasi dira. Erantzun horiek kontuan hartuta ekingo diote \'Eskola bidea\'-ren diseinuari.

 

Gainera, udalak beste proposamen batzuk ere baditu: Nizeto Urkizu, Anduetxeta eta Lourdes kaleak berriztea, Lourdes ikastetxe inguruko aparkalekuak eta zirkulazioa hobetzea eta Goieta eta Amilleta kaleen urbanizazioa.

 

Egitasmoak ingurugiroari ekarriko dizkion "onuren" artean, "ikasleei mugikortasun ohitura jasangarri eta osasuntsuak transmititzea" kokatu dute. "Ibilgailu gutxiago ibiliko denez, energia-kontsumoa murriztuko da" eta ondorioz, "kutsadura atmosferiko eta akustikoa" ere murriztuko dela adierazi dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!