Egungo egoera aztertuko dute lehenik, eta eztabaidarako batzordeak eratuko dituzte gero. Bost hilabete iraungo du planaren garapenak.
"Aspalditik botatzen genuen faltan kirol arloko plan bat". Joseba Mujika alkateordearen berbak dira, eta segidan gaineratu du aurkeztutakoak "proiektu oso interesgarriak" direla. Mujikaren esanetan, udaletik ez da orain arte "sustapen-politikarik eta zuzendaritzarik egon". Hori dela-eta, planifikazioa egin gura dute, klubak "abandonatuta" ez uzteko. Klubak bizirik badaude, kideen boluntariotza eta ekimenari eskerrak dela dio, eta kasu batzuetan desagertu ere egin direla, emakumeen eskubaloi taldea adibide. Politika zehazteaz gainera, "instalazioen indartzea" bilatuko dute. Kirol saileko zinegotzi Aitor Agirrek aldaketen beharraz egin du berba. Bigarren atal batean, kiroldegiaren kudeaketa eraginkortzea ere badute helburu, "badakigu-eta arazoak daudela".
Bost hilabeteko iraupena izango du plan estrategikoaren garapenak. Planaren arduraduna Avento enpresa da, eta Gorka Leundak eman ditu azalpenak bere izenean. Lehenik, datu bilketa egingo dute egungo egoerari buruz. Ondoren, bigarren fasean, lan-taldeak eratuko dituzte hausnartzeko. Kirol elkarteetako kideak, udal teknikariak eta ikastetxeetako ordezkariak, besteak beste, batuko ditu talde batek. Herritar guztiendako zabalik egongo da beste batzorde bat. Hirugarren batzordea udal kargudunek osatuko dute, lana jarraitu eta koordinatzeko. Kirola egiten ez dutenen iritzia ere jaso gura dute, eta bide batez, kirola egitera bultzatu. Jendea kirolera erakartzeko eskaintzak aztertuko dituzte.
Ikerketa orokorrak 14.750 euroko aurrekontua dauka, eta kiroldegiarenak 8.024 eurokoa.