Ordutegia 09:00etatik 23:00etara mugatu dute, eta estetika zaintzeko irizpideak ere jaso dituzte.
Kalean terrazak egokitu ahal izateko arauak onartu dituzte Elorrioko Udalean. Tabernei zuzendutako arautegia da; ikuskizun aretoek, dantzalekuek, txokoek, jolaslekuek eta gazte-lokalek ezingo dute terrazarik egokitu euren eraikinen kanpoaldean.
Neurrien artean, ordutegia 09:00etatik 23:00etara mugatu dute. Oholtzak, musika ekipoak eta jakiak saltzeko makinak debekatu egin dituzte. Alde zaharreko terrazetan, berogailuak ezingo dira jarri hormari atxikita.
Bestalde, estetika bateratzeko irizpideak ere idatzi dituzte: eguzkitik babesteko oihaletan, granatea erabiliko da, udal-seinaleen kolorea; aulkiak eta mahaiak egur edo zuntzezkoak izango dira, metalezkoa egitura baino ezingo dute izan.
Iritzia jaso guran
Ordenantza onartuta, ostalarien iritzia jasotzeko batzarra egin gura du orain udalak, gobernu taldetik azaldu dutenez. Bilduren ustez, iritzi hori ordenantza baino lehen batu behar zen, ordea. EAJk eta PPk beharrezko ikusi dute ordenantza ahalik eta arinen onartzea, prozesuari ekin eta udarako prest egoteko.