Lajwad edo Leyuad Saharan Fronte Polisarioak liberatutako lurraldeetako bat da, eta sahararrentzat \'jende eskuzabalaren lurraldea\' esan gura du. Izen hori proposatu zieten sahararrek eurek Elorrion, duela urte bi sortu zen elkarteko kideei. Herrira begirako aurkezpena egin dute Arriolan.
Elkartearen aurkezpenera Fronte Polisarioko kide bat etorriko da. Zer mezu zabalduko duzue?
Arinago udaletxetik egin zen beharra, eta elkarte moduan bi urte daramatzagu ia Saharagaz lanean. Taldea egonkortu egin da eta herrian nortzuk garen eta zertan gabiltzan azaldu gura dugu. Fronte Polisarioko kide bat gonbidatu dugu eta gauza arin bat izango da. Gustatuko litzaiguke eurek azaltzea zergatik behar duten urtero karabana egitea, umeak hona ekartzea, proiektuak martxan ipintzea han ura ateratzeko edo futbol zelai bat egiteko... Zergatik jarraitu behar dugun hau egiten. Elkarte hau desegiteko asmoagaz sortu da. Guk euren aldarrikapenekin bat egiten dugu; behingoz erreferenduma egin dezatela gura dugu, eta ez dadila egon premiarik umeak hona etortzeko. Euren lurraldera bueltatu daitezela. Umeei joaten direnean esaten diet: “Azken urtea izan dadila!”. Aurtengo egonaldirako kanpaina hasi dugu, eta apirilaren 30era arte eman ahalko da izena.
Eurek zelan bizi dute esperantza hori?
Badaukate, baina pasatzen dena da ia 37 urte direla dagoeneko eta hasierako probisionaltasun hori egonkortzen joan da. Kanpamentuetan ez dute gehiago garatu gura izan behin-behinekoak zirelako, eta jada belaunaldiak pasatu dira, eta urteak pasako dira oraindino. Kanpamentuen berri asko jakiten da baina Mendebaldeko Saharan benetan gertatzen dena ez, eta heltzen garen heinean, euren ahotsa hona ekarri gura dugu. Beharrean gabiltza udan egiten den umeen harreragaz, elkartasun karabanagaz eta ikastetxeetako egitasmoagaz.
Gazteak horrelako gauzetara inplikatzea ez da erraza izaten...
Zoratzen daude. Niretzako oso istorio polita da Elorrion ikastetxe bik parte hartzen dutelako. Oraindik zabalik dago beste inork parte hartu gura badu. Gazteak buru-belarri sartu dira, neskak batez ere. Kanpamentuetara egindako bidaian gustora egon dira. Honetan sinesten dute eta urte osoa pasatzen dute beharrean: kamisetak eta materiala saltzen bidairako, medikamentuak batzen hango ospitaletarako... Beti esaten diet eurentzako luxua dela horrelako bidaia bat egiteko aukera edukitzea. Ondo etortzen zaie adin horretan hemen bizi dutenagaz zeharo apurtzea, eta gure gizarteagaz hain zerikusi gutxi daukan gizarteagaz kontaktua edukitzea. Iaz lehenengo bidaia egin zutenean guraso batzuk komentatu zuten gazteek buruan klak bat izan zutela. Gero hona bueltatu eta honek jan egiten zaitu.
Gazteak eta helduak, markatuta bueltatzen zarete Saharatik.
Oso gogorra da ikustea horrenbeste urtetan egoera horretan bizi direla. Baina ikustea zenbat barre egiten duten, familiagaz eta lagunekin zelako hartuemanak dituzten... Zenbat gauza dauzkagun behar ez ditugunak, eta ez materialak bakarrik, gainean jartzen ditugun zamak ere bai. Ikusten duzu zoriontsu izan daitekeela horrelako leku baten.
Aste Santuan zelakoa izango da zuen bidaia?
Amgala herriko familien etxeetara joango gara 23 ikasle eta sei heldu. Inguruak ezagutzeaz gainera, irteera bat egingo dugu Rabunira, bertan parlamentua, irratia, telebista, museoak daude, emakumeen nekazaritza eskola bat ere badago han inguruan eta hori ikusiko dugu... Eta futbol zelaia, guk eurekin dugun proiektua, zelan doan ikusiko dugu.
Futbol zelaiaren proiektua zelan sortu zen?
Ikasleekin joan ginen lehen bidaiaren ondoren, zertxobait gehiago egiteko gogoa geneukan eta Fronte Polisarioko jendeagaz berba egin genuen. Hainbat gauza proposatu zizkiguten, eta egingarriena momentu hartan kirolgune bat zela ikusi genuen. Futbol zelaia egiten hasi dira. Hemengo Fronte Polisariokoekin eta bertako alkateagaz eta kooperanteekin berba eginda koordinatzen dugu proiektua, eta azken argazkietan hesia ipini dutela ikusi dugu. Eurak oso pozik daude, futbola asko gustatzen zaie. Egia da batzutan zalantza hori sartzen dela: zelan ba futbol zelaia eta janaria ez, premia handiagoa dute... Baina han bizi dira eta jolastu ere egin behar dute, eta kirola ere egin behar dute.