2015erako berreskuratu gura dute Argiñeta

Anboto 2012ko mar. 21a, 12:47

Udalak eta Aldundiak hitzarmena sinatu dute ikerketa arkeologikori ekin eta ingurune historikoa berreskuratzeko

Udalak eta Aldundiak hitzarmena sinatu dute ikerketa arkeologikori ekin eta ingurune historikoa berreskuratzeko.

 

Argiñetako ikerketa proiektuak argia ikusi du azkenean. Hiru ataletan banatuta garatuko dute azterketa arkeologikoa, 2015erako berreskuratu eta herritarrei zabaltzeko asmoz. Ana Otadui alkateak, Josune Ariztondo Kultura diputatuak eta Andoni Iturbe Kultur Ondareko zerbitzuburuak eman dituzte azalpenak sinadura-ekitaldian. 2010ean EHUko talde batek egindako zundaketetan, baselizaren iparraldean gizakien antzinako kokaleku baten aztarnak aurkitu zituzten: zutoin zuloakmozketak harrietan eta egurrezko eraikuntza zaharren arrastoak. Baselizaren hegoaldean, VIII: eta XII. mendeen arteko bost hilobi estalki monolitiko eta harlauzazko hilobi bat aurkitu zituzten.

 

Honako helburu teknikoak ditu egitasmoak: Goi Erdi Aroko herrixkaren eraikuntza historia zehaztea, biztanleen demografia edota elikatzeko ohiturak aztertzea, komunitatearen ekoizpen estrategiak ezagutzea, okupazioaren lehen aldiak aztertzea eta informazioa eskuratzea multzo arkeologikoa berreskuratzeko. Ingurunea zaintzeko, eragin gutxiko teknikak erabiliko dituztela azaldu dute. Gainera, baseliza barruan eta atarian ez dute lanik garatuko, zoladura historikoei eustea “lehentasunezko” delako.

 

2014an lanak amaituta, 2015ean erabakiko dute azalpen guneak eta jesarlekuak zelan ezarri, besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!