Aste santurako udalekuak eratu dituzte

Anboto 2012ko mar. 20a, 08:24

3 eta 13 urte bitartekoentzako ikasteko eta jolasteko egitaraua osatu dute

3 eta 13 urte bitartekoentzako ikasteko eta jolasteko egitaraua osatu dute.

 

Lehenengo aldia da Elorrion Udalak Aste santurako udalekuak antolatuko dituztena, azaldu dutenez. “Umeek euren oporretan tailerrekin, jokoekin eta kirol-jarduerekin gozatzeko aukera izatea da helburua”, dio Ana Otadui alkateak. Jarduerak talde dinamikoetan eta umeen adinaren arabera prestatuko dituzte, apirilaren 2tik 4ra eta 10etik 13ra bitartean.

 

Goizeko 09:00etatik 14:00etara eskainiko dute zerbitzua. Edozelan ere, jantokira doazenek 15:30era arte egoteko aukera izango dute. 6 urtetik gorakoek, goizaz gainera arratsaldez ere badute aukera ekintzetan parte hartzeko, Kirolaren Astea izango da-eta apirilaren 10etik 13ra. Hauek dira  kirolak: igeriketa, txirrindularitza, herri-kirolak, xakea, pilota, errugbia, eskalada, arku-tiraketa eta futbito. 11:30-13:30 eta 16:00-18:00 dira guztietarako ordutegiak.

 

Kirolaren Astean inskribitzeko Iturri kultur etxera jo behar dute martxoaren 29a baino lehen; ez da ordaindu behar. Udalekuen kasuan, tarifak ezarri dituzte 90 eta 109 euroren artean, adinaren eta ordutegiraren arabera. Kiroldegian eman behar da izena, martxoaren 25a baino lehen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!