Berdintasun teknikariaren postua ez kentzeko eskaerak

Anboto 2012ko mar. 17a, 08:19

EAJk zerbitzua Amankomunazgoagaz hitzartu gura du; ordura arte mantenduko dute postua

EAJk zerbitzua Amankomunazgoagaz hitzartu gura du; ordura arte mantenduko dute postua.

 

Tratu txarrak jasateagatik Gizarte zerbitzuetara jo duten emakumeen kopuru handiena, Durangaldean, Elorriok dauka. Horretaz ohartarazi du Bilduk, EAJk Berdintasun teknikariaren postua kendu gura duela jakitean. Euren ustez, datu horren atzean Berdintasun sailetik egindako “eguneroko lan on eta isila” dago, jabekuntzagaz egindako beharra eredu hartuz. 2011n, Elorrioko 22 emakumek ipini zuten salaketa Ertzaintzan genero indarkeria dela-eta.

 

Bilduk salatu du teknikaria mankomunatzea “murrizketa soziala” dela. Gainera, 2012ko aurrekontuak onartzeko, eurentzat “marra gorria” hori zela dio.

 

EAJk adierazi du ez dutela beharrik ikusten  pertsona bat funtzio horretara  dedikatzeko. Amankomunazgotik bideratzea proposatzen du, udalean arloa zeharkakotasunez landuz. Bilduren iritziz, “ezinezkoa da Amankomunazgoko teknikariak Elorrio lako herri baten behar eta gabeziei erantzutea”.

 

Planari jarraitzea

Emakume taldeen aldetik, Lilikako kide batek dio Berdintasun planean ezartzen dela teknikariaren postua. “Helburua, berdintasuna, ez denez lortu”, postua “beharrezkoa” dela dio, “zelan bideratu beste kontu bat izan arren”. Argitu duenez, eurak izan ziren teknikaria eskatzen lehenak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!