"Kultur ekintzekin bateratutako turismo produktuak sortzea gura dugu"

Anboto 2012ko mar. 16a, 09:19

Elorrio bisitatzeko hainbat arrazoi eduki ditzake kanpotik datorrenak: herriko ondarea, kultur eskaintza, natura... Herriak eskaini dezakeena turismora bideratzeko Turismo Plana pretsatzen dabil Ainhoa Egaña

Elorrio bisitatzeko hainbat arrazoi eduki ditzake kanpotik datorrenak: herriko ondarea, kultur eskaintza, natura... Herriak eskaini dezakeena turismora bideratzeko Turismo Plana pretsatzen dabil Ainhoa Egaña.

 

Turismo Plana prestatzeko zer gauza egin beharko da?

Hasteko, herriak dituen elementu turistikoak eta ekintza kulturalak identifikatu behar dira, horren gainean produktu turistiko erakargarriak sortzeko. Kontuan hartu behar dira herriko ostatu, jatetxe eta beste eragile guztiak, turismo sektorean parte garrantzitsua direlako. Horrez gainera, eskaintza turistikoa saldu eta ezagutarazteko eskuorriak eta material grafikoak diseinatu behar dira. Garrantzitsua da, baita ere, Elorriok bere “marka” eta eslogan propioa izatea. Hori guztia aurrera eramateko eta urte guztiko plan estrategikoa diseinatzeko, nire lanaz gain, kudeaketa enpresa baten zerbitzuak kontratatu  dira, udalagaz koordinazioan ibiltzeko.

 

Orain arte zer landu duzue?\"\"

Turismo produktu berriak ateratzeko azterketa egiten jardun dugu. Orain arte martxan dagoen produktua Ondare Ibilbidea da, urte osoan herrian zehar egin daitekeen ibilbidea. Elorriora datorren jendeari horren berri emateko, lau panel informatibo jarri dira herrian. Hemendik aurrera, kultur ekintzekin bateratutako turismo produktuak sortzea gura dugu; ekintza kulturalak erakarrita datorren jendeak Elorrio ezagutu dezan aukerak emateko, eta alderantziz, herria ezagutzea nahi dutenek eskaintza kulturalak ere badituztela jakitera emateko. Elorrio erakusteko bideo promozional bat ere egin da, www.elorrio.net web gunean ikus daiteke eta laster salgai ipiniko dugu.

 

Ondare Ibilbidea aipatu duzu. Jende asko etorri da ibilbidea egitera?

Bai, audiogidek oso harrera ona eduki dute. 2010ean, uztailetik abendura 489 pertsonek egin zuten Ondare Ibilbidea, eta iaz, urte osoan, 896 personek egin zuten, audiogidak udaltzainen bulegoan hartuta. Aurten iazko bisitarien kopurua gainditzea espero dugu, eskaini nahi diren aisialdiko produktuei esker. Ondare Ibilbidearen ezaugarrietako bat da norberak bere erritmora egin dezakeela, tartetxo bat har dezakezu trago eta pintxo bat hartzeko eta, nahi duzunean, segi aurrera ibilbidea egiten.

 

Aisialdirako ibilbide berriak sortu gura dituzue. Bisita gidatuak ere tartean?

Bai, eta Aste Santuan bertan Zenita auzoan eskaini izan dugun bisita errepikatuko dugu. Ordu bi inguruko bisita izaten da, eta arrakasta handia izan du antolatu den aldietan. Bisitan, Uratsa iturburua bisitatzen da, Zenitakoleako errota martxan ikusi, eta errotako presa, antzinako harrizko garbilekuak, liho putzuak eta Argiñetako nekropolia bisitatzen dira. Aurten apirilaren 5,6,7 eta 8an izango dira bisita gidatuak. Uztailerako Musikaire jaialdira datozenentzako bisita gidatuak edo produktu berezi bat eskaintzea ere  pentsatuta dago, eta  uda partean datozenentzako ere bai.

 

Argiñetan indusketak eta inguruari buruzko  tailer parte-hartzaileak eratu ziren bere garaian... Aurten aurrerapausurik egingo da bertan?

Bai, Argiñetako indusketen emaitzen arabera, San Adrian ermitaren inguruan bizitokien aztarnak aurkitu dira eta goi erdi arokoak izan daitezke. Hori dela-eta, aurten ere indusketa gehiagorekin jarraitzeko asmoa dago.

 

Turismoa aipatzerakoan kanpotik datozenak etortzen zaizkigu burura. Elorriarrek eurek ezagutzen dute herriko ondarea?

Baietz uste dut. Gutxinaka badoaz herritarrak kontzietziatzen herriko ondareaz, eta interesa erakusten dute. Normala iruditzen zait, ze harro egoteko moduko ondarea dago Elorrion. Iaz Aste Santuko oporretan hainbat herritar etorri ziren Zenita auzoko ibilbidea egitera. Aurten ere bisita gidatuen eskuorria etxez etxe banatuko da; lehenengo gonbidatuak beraiek izango dira. Ondare Ibilbidea ere herritar askok egin du eta garrantzitsua dela iruditzen zait euren familia, lagun edo ezagunei Elorrio erakusteko.

 

Eskualdeko beste herriekin lan egitea garrantzitsua izango da bertako ondarea bultzatzerakoan.

Kontuan eduki normalean turistak ez direla hiru egunetan herri berean geratzen; toki eta esperientzia asko ezagutzea nahi izaten dute. Eskualdean batuta lan eginda aukera asko eman ahal dizkiegu turistei. Gainera, herria saltzerakoan errazagoa eta eraginkorragoa da eskualdea batuta produktu oso bat aurkeztea; turistari herriak banan-banan aurkezten ahaleginduta baino indar handiagoz ibiliko gara beste herriekin batera lankidetzan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!