Txakurrak aske ibiltzeko bederatzi gune egokituko dituzte

Anboto 2012ko mar. 11a, 10:00

Ordenantza berriaz informatu eta herritarren ekarpena jasotzeko kanpaina aurkeztu dute

Ordenantza berriaz informatu eta herritarren ekarpena jasotzeko kanpaina aurkeztu dute.

 

Animalien gaineko ordenantza onartu dute Elorrion, eta hori herriratzeko kanpaina egingo dute datozen asteetan. Animaliak dauzkaten eta ez dauzkatenen eskubide zein betebeharrak errespetatzeko helburuz sortu dute araudia. Bederatzi gune zabalduko dituzte herrian zehar, txakurrak aske ibiltzeko. Eserlekuak eta zaborrontziak ipiniko dituzte bertan. Gune batzuk alde zaharretik hurrean jartzen ahalgindu dira: Ibaiondo kalean, gasolindegi alboko parkean eta plazaren atzekaldean, esaterako.

 

Elkarrekin bai, nahasturik ez lemagaz hasiko duten kanpainan herritarren parte-hartzea ere bultzatu gura dute, informatzeaz gainera. Ekarpenetarako lekua eta aipatutako guneen mapa, besteak beste, jasotzen dituzten eskuorriak banatuko dituzte, eta plazan karpa bat ere egokituko dute. Martxoaren 22rako berbaldia eratu dute,18:00etan, Euskadiko Plataforma Animalistako kide Lorea Burgues, Libera! taldeko Gregor Romero eta zaunk-eko Gorka Fernandezegaz.

 

Herritarren ekarpenekin behin-behinean onartutako testua "hobetu" gura dute. Arautegi horretan Bilduren "proposamen gehienak" batu dituzte -Bilduk batzar zabalen bidez ondorioztatutakoak-. Hala ere, koalizio independentista abstenitu egin zen bozketan, ordenantza "astuna" dela eta "sinplifikatu beharra" duela arrazoituz. EAJ eta PPren aldeko botoekin atera zen aurrera araudia.

 

Isunak bai, baina kotzientziazioa lehentasun

Ordenantzak dio, besteak beste, jabeek txakurra lotuta eroan behar dutela beti, aske egoteko lekuetan izan ezik. Umeak dabiltzan parkeetan ere ezingo dira ibili animaliak, eta kalean kaka egiten badute jabeak batu beharko du. Isunak proposatzen dituzte araua betetzen ez dutenentzat, baina Otaduik adierazi du hasiera batean "herritarrak kontzientziatzea" lortu gura dutela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!