Aztertutako 12 gazte-lokaletatik hirutan soilik dute su-itzalgailua

Anboto 2012ko ots. 6a, 12:01
Ana Otadui alkateak iragarri du ke-detektagailuekin eta su-itzalgailuekin hornituko dituztela lokalak; nagusiak bizi diren etxeetan ere ke-detektagailuak ezartzeko aukera egongo da

Ana Otadui alkateak iragarri du ke-detektagailuekin eta su-itzalgailuekin hornituko dituztela lokalak; nagusiak bizi diren etxeetan ere ke-detektagailuak ezartzeko aukera egongo da.

 

Aurreko astean gazte-lokal edo lonjen ikuskatzea egin zuten teknikariek, eraikin hauek udal araudia betetzen ote duten ikusteko. 12 lokaletatik bakarrak zeukan sute-alarma eta hiruk su-itzalgailua. Suteen aurrean udalak martxan ipiniko dituen bi programen aurkezpenean eman ditu datu horiek Otaduik. Egoera hori ikusita, lokaletan bi neurriak egokitzea erabaki dute. Ke-detektagailuak eta su-itzalgailuak doan ipiniko dituzte.

 

Nagusien etxeen kasuan, kea sortzean alarma bidez abisua emango duen gailua egokitzea proposatu dute. Ez da derrigorrezko neurria, baina doan eskuratu ahalko dute 80 urtetik gorakoen etxeetan, bakarrik edo 75 urtetik gorako lagunagaz bizi badira. Asteon gutuna bidaliko du udalak ezaugarri horien baitan dauden 350 etxeetara, proposamenaz informatuz. Gero, teknikari batek deituko du etxera, hitzordua zehazteko. "7-10 egunen bueltan" ekin gura diote instalazio faseari. Gailuak bateria bidez funtzionatzen du, eta ez du obrarik behar; sabaian egokitzen da. Teknikariek, bestalde, larrialdi egoeran jarraitu beharreko urratsak zehazten dituen krokis bat diseinatuko dute. Azterketa eta instalazioak garatuko dituen Atiempo enpresako Jon Ensunza ordezkaria ere agertu da komunikabideen aurrean.

 

Otaduik adierazi du, Europako hainbat herrialdetan legeak ezartzen dituela neurri hauek, baina hemen legea "pausu bat atzerago" doala. 37.050 euroko aurrekontua du gaur aurkeztutako egitasmoak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!