Udal teknikariek eta Gazteria arloko dinamizatzaileak asteon bisitatu dituzte lehenengo lonjak, udal odenantzara egokitzen direla egiaztatzeko.
Ikuskatze honen helburua, azaldu dutenez, gazteen segurtasuna eta auzotarrekiko bizikidetza bermatzea da. “Udalaren helburua ez da gazteen lokalak ixtea, hauek arautegira egokitzea baizik. Neurri honekin lokalen eta hauek dauden eraikinetan burutzen diren beste erabilpenen arteko bizikidetza bermatu nahi dugu, eta joaten diren gazteen segurtasuna bermatu nahi dugu gertatu ahal diren arriskuen aurrean”, azpimarratu du Ana Otadui alkate jeltzaleak. Edozelan ere, zerbitzu teknikoek ebaluzio txostena bukatu ondoren, jazo daiteke udala lokalen bat ixteko beharraren aurrean aurkitzea.
Gazte-lokalen erabilera arautzen duen ordenantza 2010eko abenduan onartu zen Elorrion, eta jabe zein errentariek urtebete izan dute horretara egokitzeko; urtarrilaren 13an amaitu zen epea. Gutxiengo baldintzen artean daude lokalak komun itxia, su itzalgailuak, emergentziazko argiteria eta erantzukizun zibileko asegurua izatea.