Koordinazio protokolo bi sinatu dituzte udalak eta Ertzaintzak

Anboto 2012ko urt. 13a, 15:57

Helburua, herritarren segurtasuna hobetzea eta genero-indarkeria kasuen aurrean jokatzeko era ezartzea da. Gaur, urtarrilak 13, izan da sinadura ekitaldia.

Elorrioko Udalak eta Durangoko Ertzaintzak koordinazio protokolo bi sinatu dituzte. Helburua, herritarren segurtasuna hobetzea eta genero- indarkeria kasuen aurrean jokatzeko era ezartzea izan da.

 

Bi protokoloen sinadura koordinazio maila altuena lortzeko eta administrazio autonomiko eta lokalen giza-baliabideen eta materialen erabilpen eraginkorra bilatzeko gauzatu dira, herritarren eskubide eta askatasuna bermatzeko. “Gora-behera baten aurrean, Elorrioko herritarrek edozein ordutan poliziaren laguntza izatea nahi dugu. Beste aldetik, bi protokolo hauek auzotarren segurtasuna sendotzeko balio izango dute. Zainketa handitu dela jakinez, batez ere gauean, bitan pentsatu beharko da delitu bat egin baino lehen”, azpimarratu du Ana Otadui alkateak.Otaduiz gainera, Bizkaiko Ertzaintzako buruorde Jon Ziarsolo, Durangoko Ertzaintzako buruorde Cipriano García, Elorrioko udaltzaingoaren buru Juan Antonio Urbizu eta Iñaki Bikandi, polizia lokalen kooperazioko zuzendariaren aholkularia izan dira sinadura-ekitaldian.

 

Herritarren segurtasuneko protokoloari eskerrak, Ertzaintza izango da ardura hori edukiko duena udaltzaingoaren laneguna bukatu ostean, 22:00etatik 06:30ak arte. Gauzak horrela, Elorriok zaintza poliziala izango du eguneko 24 orduetan.

 

Sinatu den bigarren protokoloa herrian izan daitezkeen etxeko indarkeria eta genero- indarkeria kasuak kudetzeko izan da. Kudeaketa poliziak gertakizunaren berri duen unean hasiko da eta epai irmoa egon arte jarraituko du, biktimak babesteko helburuarekin.

 


Kasu hauetan, espedientea izapidetzerakoan titularra Durangoko Ertzaintza izango da, bere udal-mugapean egindako aktuazioen bitartez eta udaltzaingoaren bitartez jasotako kasuetan. Honekin batera, bi taldeek elkarrekin egingo dute lan eta beharrezkoa den laguntza eskainiko dira biktimei "era hoberenean" babesteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!