Ikastetxeko fatxadan xafla isolatzaile eta babesleak ipiniko dituzte

Anboto 2012ko urt. 4a, 12:21

Udalak 322.000 euroko diru-laguntza jasoko du Herri Eskolako fatxada konpontzeko. Zainketarako kamerak ere jarriko diuzte.

Udalak 322.000 euroko diru-laguntza jasoko du Herri Eskolako fatxada konpontzeko. Ikastetxeko fatxadak xafla isolatzaile eta babesleak izango ditu, eraikina gaur egungo eta etorkizuneko hezkuntza-beharretara moldatzeko, eta era berean gizalegezkoak ez diren ekintzetaz zaintzeko. Eskolako segurtasuna indartzeko zainketako kamerak jarriko dituzte ikastetxearen kanpokaldeko hainbat lekutan.

 

Elorrioko Udalak xafla isolatzaileak eta babesleak ipiniko ditu  Herri Eskolako fatxadan. Helburua, alde batetik, eraikina egokitzea da Eskola 2.0 ekimena martxan jartzeko behar diren azpiegiturekin. Bestetik, ikastetxeak azken boladan jasan dituen gizalegezkoak ez diren ekintzetatik babestea gura dute. “Ikastetxeak gero eta ordenagailu eta balio handiko material gehiago du. Beraz, beharrezkoa da bere segurtasuna handitzea. Gainera, ordenagailuak ere ikasleendako heziketa-tresna bihurtu dira, eta horretarako argi-baldintza egokiak behar dira, panel hauen instalazioari esker lortuko dena”, azpimarratu du Ana Otadui alkateak.

 

Lanen helburua “eraikin modernista, hezkuntza-behar berrietara egokitua izatea da eta gizalegezkoak ez diren ekintzek edo jasan ahal dituen beste kalte materialek sortutako gastu ekonomikoak gutxitzea”, Otaduik azaldu duenez. Izan ere, 2010. urtean, udalak 22.300 euro ordaindu behar izan zituen apurtutako kristalak konpontzeko.


Zaintzarako zirkuitua


Panelak kokatzeaz gain, hurrengo asteetan, udalak zainketarako kamera zirkuitua  ipiniko du Herri Eskolako eraikinean. Kasu honetan, lanen aurrekontua 16.137,26 eurokoa izango da. Horretatik, 9.682,36 euro Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ere emandako diru-laguntza baten bidez ordainduko da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!