Aurtengoa baino 1.035.000 euro gehiagokoa izango da datorren urteko aurrekontua. Gastu sozialetan, turismo arloan eta inbertsioetan egongo dira diru partida igoera handienak.
Udalaren egoera ekonomikoa ona dela eta "krisiaren testiuinguruan premia gehien dutenei laguntzea" gura izan dutela adierazi du Maria Jesus Sarrionandia EAJko zinegotziak aurrekontuaren berri ematerakoan. Bilduren babesa eta PPren abstentzioa izan ditu aurrekontu proposamenak.
Gastu sozialei dagokienez, gizarte emergentzietarako partida sortu dute, besteak beste. Laguntza hau amankomunazgoaren bidez heltzen da herritarrengana, baina aurten irailean agortu egin da diru hori, eta laguntza hori osotzeko 12.500 euro gordeko ditu Elorrioko Udalak. Ume jaioberrien familientzako erosketa bonuak ematea ere onartu dute (12.000 euro) eta garapen bidean dauden herrialdeentzako partida 40.000 eurora igo dute. Presoen senitartekoentzako diru laguntza Elorrioko Familientzako Laguntzak izeneko partidan aurreikusi dute (47.500 euro)
Turismora bideratutako dirua asko haziko da; 13.000 eurotik 167.000 eurora. Arlo horretan lanean ibiliko den teknikari bat kontratatzeko asmoa dauka udalak, eta horrez gain, Elorrioko ondarea zaharberritzeko 81.000 euro aurreikusi dituzte. Horrez gainera, turismoa sustatzeko plan estrategikoa diseinatu gura dute, eta jardunaldi, ekitaldi eta kanpainetarako 41.000 euro erabiliko dituzte. Ondare ibilbidea argiztatzeko 30.000 euro aurreikusi dituzte.
Inbertsioetako igoera nabaria izango da. 2011gaz alderatuta % 48,6 igoko da inbertsioetara bideratutako dirua. Egitasmoen artean honakoak daude: Zenita eta Berrio auzoetako ur hornidura (269.000 euro), Anduetxeta eta Urarkako urbanizazioak, argiteria berria (60.000 euro) eta Aldatzekuan ariketa fisikoak egiteko parkea (28.000) daude.
2012rako konpromisoen artean, herrirako anbulantzia bat lortzeko egitasmoa aztertzea dago. Ezer baino lehen, bideragarria izango den aztertuko dute, horrela bada martxan ipintzeko.
Alderdi politikoen jarrerak
Ana Otadui alkatea pozik azaldu da eta alderdi politiko guztiak zoriondu ditu "egoera ekonomiko honetarako aurrekonturik egokienak" direla iritzita. Udalaren egoera ekonomikoari dagokionez, diru soberakinetan 600.000 euro dituztela nabarmendu du Otaduik.
Bilduko zinegotziek aurrekontuak babestu dituzte, "minimoak onartzeko gai" izan direlako, baina azaldu dutenez, ez da eurek aurkeztu gurako luketeen proposamena. Ontzat jo dituzte berdintasun teknikaria plantillan sartzea, kirol instalazioetako inbertsioak eta senideentzako dirulaguntzak mantentzea. Bestalde, gauza asko "presaka" egin direla salatu dute; "helburua urtarrila baino lehen onartzea zela eman izan du". Aurrekontuak osotzerakoan herritarren iritzia kontsultatzea guragoko zutela adierazi du Xabier Orbegozo zinegotziak eta dieta eta alderdi politikoen diru-laguntzak bajatu ez izana salatu dute Bilduko zinegotziek. Egitasmo asko diru-laguntzen menpe daudela nabarmendu dute: "etortzen badira hobeto, baina diru-sarrerak ez dira hain ziurrak".
PPko Carlos Garcia zinegotzia abstenitu egin da bozkaketan; "abtentzioa, modu positiboan. Oro har aurrekontuekin ados dagoela esan du, "Alderdi Popularraren kezka eta proposamenei erantzuten dietelako". Anbulantziaren egitasmoa nabarmendu du, "oso beharrezkoa" dela adieraziz. Gizarte laguntzen diru atala handitu dela nabarmendu du, eta presoen senitartekoei espreski zuzendutako diru atala kentzeak "diru atala babesteko konfiantza" eman diola adierazi du. Teknologia berrien arloan herrian WIFIa jartzea aztertzekotan dira, eta hori ere garrantzitsua da zinegotzi popularraren ustez.