Artea ere gozagai eskaintzen duen ardo dastaketa Arriolan

Anboto 2011ko abe. 19a, 08:44

Abenduaren 29an, 18:00etan euskaraz eta 20:00etan ele bitan, Durangaldeko hainbat sortzaile eta Mikel Garaizabal enologo elorriarra batzen dituen \'Hordago ardoa\' eskainiko dute Elorrioko Arriolan

Abenduaren 29an, 18:00etan euskaraz eta 20:00etan ele bitan, Durangaldeko hainbat sortzaile eta Mikel Garaizabal enologo elorriarra batzen dituen ‘Hordago ardoa’ eskainiko dute Elorrioko Arriolan.
 

 

Udaberrian egin zuten “artez jantzitako ardo dastaketa” lehenengoz,  Herri Urratsen aldeko jaialdian, Durangoko Plateruenean. Hainbat arlotan diharduten sortzaileak, ikusleak eta Mikel Garaizabal enologo eta sumillerra ardoaren bueltan biltzen dira saioan. Abenduaren 29an, 18:00etan euskaraz eta 20:00etan ele bitan eskainiko dute Elorrioko Arriolan.

 

Ardo dastaketa arrunten bidetik ateratzea dute sortzaileek helburu, ohiko ardo dastaketen formatua aberasteko: Ander Garaizabalek musikagaz, Peru Magdalenak poesiagaz, Sonia Villamorrek antzezpenagaz eta Gotzon Garaizabalek margoagaz girotzen dute ardo dastaketa.

 \"\"

“Bakoitzak egiten dakiena koktelera batean sartu, eragin eta ardo dastaketa artistiko hau atera zen”, kontatu digu Mikel Garaizabal enologoak: “Organoekin zerbait aztertzea da dastaketa”, dio Garaizabalek, “eta organo horiei musikaren, poesiaren, margoaren edo antzerkiaren bitartez beste gozamen batzuk gehituta, bikoiztu egiten da disfrute hori”.

 

Ikusle kopuru mugatua dauka urte amaierako Elorrioko emanaldiak, eta Arriola antzokiko 946583192 telefonoan eman daiteke izena. Arriola antzokiaren webgunean ikusgai ipini dute, gainera, Hordago ardoa ikuskizunaren aurkezpen bideoa. 

 

Elorriokoaren ondoren, besteak beste, Bilboko Pabellon Nº 6 aretoan eskainiko dute artez jantzitako ardo dastaketa hau, eta datorren urtean proiektua atzerrian ere erakusteko asmoa daukate.

 

Hamabost urte daramatza, zehaztu digunez, ardo dastaketak burutzen Mikel Garaizabalek: seiehundik gora dastaketa burutu ditu Euskal Herrian, Espainian eta beste herrialde batzuetan.

 

Emanaldi bakoitza bakar egiten dute Garaizabalek eta ardo dastaketa berezi hau egiteko batu zaizkion sortzaileek. Dastaketa hutsetik harago doan esperientzia da Hordago ardoa, parte-hartzaileek bost ardo dastatuko dituzten arren. Enologoak ardo bakoitzaren ezaugarrien berri ematen duen bitartean, artistek euren adierazpideagaz interpretatuko dute ardo bakoitza: abeslariak zuzenean kantatu eta dj lana burutuko du, margolariak ardoaren arabera egingo ditu muralak, eta aktoreek eta poetak ere emanaldi bakoitzerako apropos prestaturiko lanak eskainiko dituzte.\"\"

 

Ardoa ez dela jende nagusi eta serioarentzako bakarrik gura dute proiektuaren parte diren sortzaileek erakutsi: gozamena dela ardoa. Garaizabalen berbetan, ardoaren mundua gazteei gerturatzea da formatu honen helburuetako bat.

 

Bakarra da emanaldi bakoitza: Hordago ardoa ikuskizuneko margoa berezia da emanaldi bakoitzean, eta emanaldiaren arabera zein dastaketako publikoaren arabera, olerki bat erabiliko du poetak. Artista bakoitzak poesiagaz, margoagaz edo musikagaz adieraziko du ardo bakoitzaren interpretazioa. 

 

 

 

Bost ardo, hiruna olerki eta kanta eta pintura dira osagaiak

 

Bost ardo dastatuko dituzte abenduaren 29ko Elorrioko Arriolako hitzordura gerturatzen direnek: txakolin zuriagaz hasi eta aktorearen istorioak tartekatuta ardo beltzagaz amaitzeko.
Ardoaren negarra kantagaz zabalduko du Logela Multimedia taldeko Ander Garaizabalek emanaldia, eta musika, antzerkia, poesia eta pintura uztartzen dituen ikuskizuna eskainiko dute.

Margolarien lana hartuko duen muralaren atzealdetik arituko dira artistak, eta aurretik gidatuko du ardo dastaketa enologoak: bideo proiekzioa, kantak, ardoari buruzko azalpen arin eta pedagogikoak, eta ardoa dastatzen duten bitartean artistek sorturiko margoak izango dira emanaldiaren osagai.
Sesioaren 50 minutuen ondoren, bost ardo dastatu, hiru olerkiren errezitaldia gozatu eta beste horrenbeste kanta entzungo ditu bertaratzen denak, eta hasieran zuri zegoen ohiala kolorez margotuta amaituko da saioa. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!