Ekitaldia 12:00etan hasiko da, Hilario Azkarate frontoian. Orain hamaika urte Ertamerika kaltetu zuen Mitch urakana zela-eta sortu zuen Kainabera GKEk Elorrioko Elkartasun jaialdi hau. Ordutik,urtero antolatu dute, “herritarren parte-hartzeagaz oso gustura”, prentsa oharrean diotenez.
Azken urteotan, baina, txiki geratu zaie Arriola aretoa, eta aurten ere Hilario Azkarate frontoian egitea erabaki dute, iaz legez.
Hauek dira parte hartuko duten musika edo antzerki taldeak: Agustin Garamendi Musika Eskola, Besaide dantza taldea, Durangaldeko Txistulariak, Eduber dantza akademia, Elorrioko Institutua, La Esperanza nagusien elkartea, Lourdesko Ama ikastetxea eta Txintxirri ikastola. “Arriolako eta udaleko lagunek” frontoia prestatzen lagunduko dute.
Datorren astean janari eta jostailu bilketa hasiko du Kainaberak, Boliviako Oruro eskualdera bidaltzeko. Domekan batutako dirua ere proiektu horretan inbertituko dute.