Gobernu taldeak urte amaierarako ordenantza biak udal-bilkuran bozkatzea itxaroten du.
Elorrioko Udalak bere lehenengo bide-garbiketa eta animalia jabetza ordenantzak idazten dihardu. Bi testuen zirriborroak batzorde informatibotik pasatu dituzte, eta datozen egunetan berriro eztabaidatuko dituzte batzorde horietako ordezkariek. Gobernu taldeko kideek urte amaierarako ordenantza biak udal-bilkuran bozkatzea itxaroten dute, adierazi dutenez. “Herritarren bizikidetza bermatzeko legeak finkatzea eta bizikidetza hondatzen duten portaeren aurrean udalak izan beharreko jokabidea arautzea” dute helburu ordenantzekin.
Bide-garbiketen ordenantzagaz, “zikinkeria saihestea” gura dute. Horretarako, herritarren eskubide zein betebeharrak ezartzea aurreikusten dute, baita debekuak ere: kalean edozein produktu botatzea, txiza egin eta txistua botatzea, arropa eta alfronbrak astintzea 20:00etatik 08:00etarako tartetik kanpora edo pintaketak egitea, besteak beste. Etxe eta saltokien jabeek fatxadak zaindu behar dituztela dio proposamenak, baita animalien kakak batu behar direla ere.
Animalien jabetzari dagokionez, zaintzeko, edukitzeko eta saltzeko arauak ezartzea dute helburu. Txori, txakur, katu eta kaleko edozein animaliari janaria ematea, baimenik barik, debekatu egin gura dute. Janari-dendetan, igerilekuetan zein osasun eraikinetan animaliak sartzea ere galarazteko asmoa dute.