Iturrizoro elkarteak antolatu du ekimena aurten ere, udalaren eta Euskadiko Kutxaren laguntzagaz.
XXII. Errebonbillo Margo Lehiaketa ospatuko dute zapatuan Elorrioko kaleetan. Iturrizoro elkarteak udalaren eta Euskadiko Kutxaren laguntzagaz antolatutako lau haizetarako ekimenak margolariak kalera ekarriko ditu, herriak itxura berezia hartuz. Bertan onduko dituzte euren sormen-lanak, herriko paisaia bat oinarri hartuta.
Lehiaketa goizeko 10:00etan hasiko da. Lehenago, 9:00etatik aurrera, eman beharko dute izena Iturri kultur etxean, eta bertan oihalak eta papera zigilatuko dituzte. Eguerdiko 14:30erako amaituta eduki beharko dute. 600, 400 eta 300 euroko sariak prestatu dituzte; artista elorriar onenak 150 euro poltsikoratuko ditu.