Estali bako igerilekuen proiekturako ikerketak eztabaida eragin du egunotan Elorrion.
EAJk aurkeztu zuen ikerketarako kreditu aldaketa joan zen astean, eta Bilduk ezezkoa emanda, “koalizioak gobernu taldearen ekimenak galaraztea” duela helburu salatu dute jeltzaleek.
EAJk “herriagatik begiratzen” duen bitartean, “Bilduk inteligentzia bako oposizioa” egiten duela diote gobernutik. EAJren proiektuak “irizpide ekonomiko arduratsu batean oinarrituta” daudela eta igerilekuen egitasmoak herritarrengan “irrika” sortzen duela diote.
Bilduren iritziz, igerilekuak EAJren “kapritxoa” dira. “Legegintzaldia hasi zenetik inorekin hitz egin barik, ezer adostu aurretik, kanpoko igerilekuarentzako kokapenari buruzko azterketa egiten ahalegindu dira, 8.000 euroko gastua onartuz”, diote.
Hala ere, EAJren kirol eta kultur arloko zinegotziak “haien proiekturik kuttunena babestera udalbatzarrera agertu ez” izanari gertaera arraroa deritzo Bilduk: “Bozketa galdu gura al zuen, Bilduren bizkar gainean uzteko ardura?”, galdetu dute. Bildu ez dagoela proiektuaren kontra dio, baina aurretik kirol sistemari buruzko hausnarketa sakon eta adostua gura dutela.