Aldapebeitia jauregiaren berriztea ahalbidetzeko ere kreditu aldaketa onartu dute
Elorrioko Udalak hiru kreditu aldaketa onartu ditu ez-ohiko udalbatzarrean. Ibarra eta gasolindegiko biribilguneak lotzeko errepidea egiteko da lehenengokoa: 56.000 euro. "Elorrioko ipar-ekialdeko eremuan trafikoaren bideratzea hobetzeko proiektu garrantzitsua da", Joseba Mujika alkateorde eta hirigintza zinegotziaren ustez. Azaldu dute kanpo-eraztun bat egitea aurreikusita dagoela, Berriz eta Durangorako trafikoa Elizburu eta San Pio kaleetatik ateratzeko, herri barrutik igarotzea ekidinez.
Aldapebeitia jauregiaren berrizte eta egonkortzerako 41.000 euroko aldaketa egin dute; egituran arazo handiak ditu eraikinak. Mujikaren arabera, "balore arkitektoniko handikoa" dela-eta, "ondare historiko eta artistiko hau zaindu" behar dela ulertzen dute, etorkizunean jaso dezakeen erabilerari begira, batez ere.
Bestalde, kontsumo elektrikoaren ondorioz, 100.000 euroko kreditu aldekat egitera behartuta egon da udala, azaldu dutenez.
EAJk laugarren aldaketa bat ere egin gura zuen, 8.260 eurokoa, herrian estali bako igerilekuak egitea posible izango litzatekeen aztertuko lukeen azterketa tekniko baterako. Bilduk kontra bozkatu zuen, aldaketa onartu barik geratuz. Bilduren ustez kirol-azpiegituren atalean beste lehentasun batzuk ditu herriak. EAJk, jarrera hori "penagarria" dela deritzo, "ilusioa eragiten duen proiektua delako".