Telebistako Arratsaldero tertulia-saioan ikusi dezakegu astero Josu Etxaburu, Elorrioko Institutuko zuzendaria eta BIHEko lehendakaria
Gure deia harriduraz jaso zuen Elorrioko Institutuan 10 urtean zuzendari den ondarrutar honek, bere ustez ez duelako ezer berezirik egin elkarrizketa batean agertzeko. Gainera, garrantzia lan-taldeari ematen dio; 27 irakasleren lana erraztea ei da bere betebeharra. Baina badauka zer kontatua, eta atsegin handiz hurreratu gara bere bulegoraino. Telebistan azaltzen duen berba erraztasuna erakusten du aurrez aurrekoan ere.
Urte asko daroazu DBHko irakasle eta zuzendari.
1998an heldu nintzen Elorriora, irakasle. Zuzendaritza lanetan aurtengoa izango da hamargarren urtea. 12-16 adin tartekoekin, lehenengo mailan ume ikusten ditut, eta laugarrenean batxilergora, zikloei edo lanera begira doaz. Lau urtetan neska-mutil horien bidelagun izatea, hori da oparirik onena. Kontra egiten dietela-eta, familiei esango nieke joan-etorriko bidaia dela ikasleena. Joaten ari diren sentsazioa izan dezakete, baina bueltatuko dira.
10 urte, halako adinetan, ez dira gutxi...
Zer edo zer goraipatu behar bada, nigaz dabilen lan-talde a da. Guztiok norabide berean lan egiteko gogoa dagoenean, zuzendaritza lana askoz eramangarriagoa da. Ezinbestekoa da denek proiektuagaz bat egitea. Bi ikasturte falta zaizkit aurkeztu nuen zuzendaritza proiektua amaitzeko.
Irakasleak autoritatea galtzen dabiltzala dio zenbaitek...
Denborak aldatzen doaz, eta guztiok birkokatzea eskatzen du. Gizartea aldatzeagaz batera pertsonen hartu-emanak ere aldatzen dira, eta horren jakitun izan behar dugu irakasleok. Lan handia egin behar da irakasleen autoritatea azpimarratzeko. Informazioaren bilaketa eta lekutzea asko sakabanatu da. Hortaz, irakaslearen rola ere aldatuz doa. Jadanik ez da idatzita dagoen zer edo zer transmititzea, baizik eta hainbeste informazio desinformazio ez bihurtzea. Kriterioa jarriko duen pertsona heldu bat behar da, bestela, sarean edonork esandakoa ontzat emango dute. Nire ustez, rol horretatik etorri behar da autoritatearen azpimarratze hori.
Aginduek atzerakada eragiten dute adin horretan...
Hezkuntza emozionala da jorratu beharko dugun gai bat. Agindua eman dezakezu, baina ikusi behar da zelan ematen duzun bete dadin. Ikasleengana zelan hurreratu da kontua. Jakintza teknikoaz gainera, beste janzkera hori da garrantzitsua. Egiten denak sinesgarria izan behar du, ikasleentzat zein familientzat.
Zer ardatzetan zabiltzate lanean institutuan?
Institutu txikia da hau; 191 ikasle dauzkagu, eta 27 irakaslegaz gabiltza. Baina, nik uste, erronka politetan murgilduta gabiltzala. Aspalditik sartuta gaude hizkuntz-normalkuntzako proiektuan, euskara ardatza delako. Sostenigarritasuna ere guretzako ildo esanguratsua da; iaz Agenda 21 freskatzea erabaki, eta auditoria bat pasatuz ziurtagiria lortu genuen. Eleaniztasuna da beste ardatz garrantzitsu bat; ikas-bidaiak ere alor honi lotuta garatzen ditugu, trukaketekin. Kudeaketa-sistemaren kalitatean sakontzen dihardugu, eta teknologia berrien arloan programa pilotu batzuetan gabiltza, buruan egon gura dugulako. Bederatzi ildo dauzka eskola proiektuak.
Saharara bidaia egin zenuten iazko ikasturtean.
Beste batzuen esperientziatik inbiditan geundelako animatu ginen. Gainera, Elorrion hainbat familiak du hartu-emana hango umeekin; Maku Florentino zinegotzi ohiak paper garrantzitsua eduki zuen. Txintxirri ikastola ere batu zen. Aaiungo Angalan egon ginen.
Eta aurten berriro hara zoazte...
Bueltatzekotan, gauza sendoago bategaz egin behar genuela ikusi genuen. Bi lan-lerro dauzkagu: ikastetxeari laguntzea eta kirolgune bat sortzea. Laguntzarako argi-sorgailu bat eroango dugu. Kirol-guneari dagokionez, aurten gune hori hesituko dugu, hurrengo urteetan hornitzen joateko. 40 bat lagun joango gara, abenduaren 2aren bueltan, astebeterako.
Aspaldi honetan telebistan zabiltza.
Saharako esperientzia kontatzera joan ginen ETB1eko Arratsaldero saiora, eta handik lasterrera astero parte hartzeko gonbita egin zidaten. Ez da nire ogibidea, baina gustura nabil. Lan-talde gaztea da, eta oso giro ona dago. Erronka baten zati txiki bat sentitzen naiz: euskaldungoari frogatzea euskaraz arratsaldetan egin daitekela saio duin bat. Horrek erakartzen nau. Gure iritziak ez dira besteenak baino jakituria handiagoz beteak; horrek hurreko saioa izatea egiten duela uste dut.
Zuen tertulian ez dago besteetan lako zarata handirik.
Entzuten jakiteari gero eta balio handiagoa ematen diot. Nigandik hasita, ez dakigula esango nuke, eta edozein eztabaidatan egin beharreko ariketa dela deritzot. Gu aztoratu izan garenetan, iragarki tartean auto-erregulatu egin gara.