Euskarari lehentasuna ematea eskatu diete merkatariei

Anboto 2011ko urr. 25a, 12:10

World Kafean aritu ziren Parte-hartzaileen iritziz, egun gaztelania da nagusi Elorrioko merkataritza eta ostalaritzan

Parte-hartzaileen iritziz, egun gaztelania da nagusi Elorrioko merkataritza eta ostalaritzan.

 

Joan zen barikuan egin zuten Elorrion World Kafea, udalak eta Elhuyarrek eratuta. Herriko taberna eta komertzioetan euskararen erabilera indartzeko metodoak aztertzea zuten helburu eztabaida horregaz. Hiru galderari erantzun behar izan zioten parte-hartzaileek, eta mahaitik-mahaira lekualdatzen ziren horretarako. Parte-hartzaileen iritziz, egun gaztelania da nagusi Elorrioko merkataritza eta ostalaritzan, eta aurrera begirako erronka euskararen presentzia eta erabilera areagotzea izango da, bai alor horretan eta baita gainerako erabilera-eremuetan ere.

 

Dendari eta tabernariei bezeroari lehen hitza euskaraz egiteko eskaera egin zien herritarrek, euskaraz duten gaitasuna txikia bada ere, eta euren gunean dituzten informazio-euskarrietan (kartelak, menuak…) euskarari lehentasuna ematea proposatu zuten. "Azken batean, bezeroa denda edo tabernara sartzen denean, euskaraz egin dezakeela sentitu behar du eta tabernari edo dendariak horretarako bidea eman behar dio", diote antolatzaileek balorazioan.

 

Bestetik, herritar edo bezeroei begirako proposamenak ere luzatu zituzten, eta "nagusiki euskaldunok gure konplexuak gainditu behar ditugula eta gure hizkuntzarekiko leialtasuna indartu behar dugula aldarrikatu zuten", diote arduradunek. Euskaldunak identifikatzeko eta elkar ezagutzeko ikurren bat erabiltzea ere proposatu zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!