Eleizalde futbol zelaian klase praktikoa egin dute entrenatzaile gazteek, Koikili Lertxundi futbolari eta Itzarriko kidearen esanetara.
Durangaldeko Amankomunazgoak, Berbarok eta Itzarri enpresak sustatuta, \'Futbola, oinarritik euskaraz\' egitasmoan parte hartzen dihardute eskualdeko zenbait entrenatzaile gaztek. Helburua, futbol taldeetan euskararen erabilera indartzea eta metodologikoki saioak hobetzea da. Hiru fasetan banatu dute ikastaroa: lehenengoa apiriletik ekainerako lan teorikoa izan zen; bigarrena oraingo saio praktikoek osatzen dute; hirugarrena jarraipenekoa izango da, 2012ko udaberrian.
Zaldua, Iurreta, Berrizko ikastetxe eta kluba, Durangoko Jesuitak ikastetxea, Durangoko Kulturala eta Elorrioko futbol taldeko entrenatzaileek osatzen dute ikasle taldea. Elorrioko eleizalden elkartu ziren atzo, bertako entrenatzaile Jon Gurtubairen praktikarako lan-saioa batera ikusi eta behatzeko. Euskararen erabilera beroketan eta lau ariketatan kualifikatu zuten, eta arlo metodologikoan azalpenak edota haurren arreta maila aztertu zituzten, besteak beste. Koikili Lertxundi Itzarri enpresakoa da, eta berak gidatzen du ikastaroa. Orain artekoagaz "pozik" dagoela azaldu zuen: "teoria beharrezkoa da oinarrizko kontzeptuak euskaraz ikasteko". "Emaitzak, baina, hirugarren fasean ikusiko dira", zioen. Hilabeteotako bilakaera baloratuko dute orduan, entrenamenduetako nahiz partiduetako abisatu bako behaketak egin ondoren.
Partaideei galdetuta, "material gehiago" dutela orain eta antolaketa ere "hobetzen saiatzen" direla zioten. Zenbaitek lehendik euskaraz egiten izan du, baina ikastaroak "motibazioa" eman die. Gainera, "berba espezifikoak euskaraz ikasteak asko laguntzen du", euskara erabili arren sarritan gaztelaniara jotzen ei zuten-eta.