Euskararen erabilera indartzeko kanpainan, merkatarien eremutik bezeroenera jauzia egin gura dute.
Diotenez, "orain arte, batez ere, merkatarien ikuspuntutik" jorratu dute udaleko euskara sailetik bultzatutako Geurien egitasmoa. 2011n bezeroei begirako kanpaina jarri zuten martxan eta "ildo horretatik lanean jarraitzeko beharra" ikusten dute. "Bezeroak komertzioan edo tabernan euskaraz eskatzen ez badu, saltzaileak ez du zertan ahaleginik egin euskara erabiltzeko. Errazago egingo luke euskaraz merkatariak, beti, bezeroak lehenengo hitza euskaraz egingo balu", arrazoitzen dute. Lan horretan sakontzeko antolatu dute World Kafea egitasmoa. Urriaren 21ean ipini dute hitzordua, 18:00etatik 20:00etara plazan. Edaria eta mokadua musutruk eskainiko dituzte, gainera.
World Kafean, parte-hartzaileak kafe-mahaien inguruan eseriko dira eta dinamizatzaileak proposatutako gaiaren inguruan eztabaidatuko dute 20 minutuz. Denbora-tarte hori pasata, mahaiez aldatu (nahi duten mahaian eser daitezke) eta gai berri bat luzatuko zaie. Mahai horretan aurreko taldeak lortutako ondorioak aztertu, eztabaidatu eta osatuko dituzte. "Elorrioko denda eta tabernetan zein hizkuntza erabiltzen dugun, zergatik erabiltzen dugun hizkuntza hori, euskara gehiago erabiltzeko zer egin dezakegun…" lako gaiak aztertuko dituzte. Parte-hartzaileak lortzeko merkatariengana, elkarteetara, euskaltegira, ikastetxeetara... joko dute, 30-40 lagun erakartzeko helburuagaz. Modu honetan, Geurien proiektua gizarteratzea eta bezeroak aktibatzea eta motibatzea gura dute antolatzaileek, besteak beste.