Joan zen astean, hileroko ohiko osoko bilkuran, Bilduko zinegotzi Idoia Buruagak galde-eskeen tartean galdetu zuen ea gobernu taldeak teknikariaren plaza aterako duen ala ez. Udalak martxan dauka posturako hautagaitza-prozedura.
Ana Otadui alkateak adierazi zuen, EAJk aurreko legegintzaldian "guztiz zalantzan jarri zuela postu hori egonkortzea", eta txostenak eskatu arren "inoiz" ez zituztela jaso funtzio horretan egindako lanen nondik norakoak. Hala ere, momentu hauetan "hiru alternatiba" aztertzen dihardutela azaldu zuen: berdintasuneko zerbitzua amankomunazgoaren esku uztea, teknikariaren kostua eskualdeko beste udal batzuekin kudeatzea eta, azkenik, berdintasun teknikariak beste funtzio batzuk ere betetzea udaleko barne zereginetan. Oinarrietan azken aukera hori aurreikusten dela adierazi zuen Otaduik.
Buruagaren esanetan, gaia argitzea beharrezkoa da, "prozedura zabalik egonda hautagaiak prestatzen egongo baitira", zioen. Otaduik azaldu zuen, "argi eduki legezko ez diren neurriak ez ditugula hartuko".