Ordenantza fiskalak "izoztea" onartu dute udalbatzarrean

Anboto 2011ko urr. 6a, 13:30

EAJ eta PP azaldu dira alde, eta Bildu kontra; tasa batzuetan moldaketak egin dituzte

EAJ eta PP azaldu dira alde, eta Bildu kontra; tasa batzuetan moldaketak egin dituzte

 

Elorrioko Udalak 2012rako Ordenantza fiskalak onartu zituen eguaztenean. Zaborra batu eta garraitzeagatiko tasetan zein salmenta ibiltariengatiko tasetan KPIaren %3ko igoera jazoko da; basabideen erabilepenerako tasa kendu dute, baina arauak indarrean jarraituko du.


Zergei dagokienez, bere horretan uztea erabaki dute, “egoera ekonomikoa kontuan hartuta”, EAJren arabera. Obarietarako baldintzak egokitu dituzte bi kasutan: ondasun higiezinen zergan, familia ugarientzako obaria familiakide bakoitzeko 9.000 euroko urteko errentaren azpitik mugatu dute; etxeetako eraikuntza eta obren zergan, obaria Alde Zaharreko 30 urte baino gehiagoko etxeek jasoko lukete % 95ean, eta gainontzekoek %50.


Bilduk kontra bozkatu zuen, alde batetik “ordenantzak ez direlako era egokian eztabaidatu”, eta bestetik, herritarren artean “bereizketak” egiten direlako obarietan. EAJk erantzun zuen, Bildu “denboretan berandu” ibili dela proposamenak aurkezteko.


Batzordeen osaketa


Informazio batzordeen osaketa ere onartu dute, kasu honetan aho batez. EAJk eta Bilduk ordezkari bina edukiko dituzte batzorde bakoitzean, eta PPk bakarra. Boto ponderatua erabiliko dute batzarretan: EAJ eta Bilduk seina eta PPk bakarra.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!