Lau egunen buruan kobre kableen bi lapurreta jazo dira futbol zelai inguruan.
Lehenengo lapurreta joan zen barikuan gertatu zen, Eleizale futbol zelaitik Tola Jauregiraino 600 metro kable ostu zutenean. 5.500 eurotan zenbatu dute kaltea. Gainera, telefonia kableko 300 metro ere eroan zuten lapurrek.
Martitzenean, udal beharginak eremu horretan ostutako kablea berriz ipintzen hasi ziren, eta eguazten goizean, berriro lapurtu zutela ikusi zuten. “Honek erakusten du ordu batzuetan ez daukagula behar besteko zaintza polizialik”, onartu du Ana Otaui alkateak.
Hori dela-eta, Ertzaintza eta Udaltzaingoaren kolaborazio-hitzarmena “ahalik eta azkarren” sinatu behar dela uste du gobernu taldeak. Horrela, Ertzainak arduratuko lirateke Elorrioko zaintza lanetaz udaltzaingoen zerbitzua bukatu ostean.
“Durangoko Ertzaintzarekin batzarrak eduki ditugu eta zirriborroetan gabiltza lanean. Oraindik ez dakigu noiz sinatuko den, baina laster izango da”, azaldu du alkateak.