Goizaldean ekingo diote kalejirari, eta dantzak arratsaldean eskainiko dituzte, plazan.
Errebonbiloen tiro hotsekin esnatuko dira, domekan, elorriarrak. Tradizioari jarraituz, sasoi batean hainbat herritan zeuden defentsa-talde antolatuen antzezpen-ekimena da urriko lehenengo domekan Elorrion ospatu ohi dena.
Errebonbiloen kalejiragaz ipiniko dute martxan eguna, 05:00etan, salba joz. Ohiturak dio udaletxera eta Sortzez Garbiaren basilikara begira bota behar dituztela lehenengo tiroak; ondoren, ohiko bideari ekingo diote, txistu eta tanbolinaren doinuari segika. Alkatearen etxe aurrean ere botako dituzte tiroak, eta hurrengo geldialdia, gosalduz, indarrak hartzeko egingo dute.
Musika eta dantzak
Goizetik hasi arren, jaiak ez du atseden hartuko egun osoan. Eguerdiko 13:30ean Durangaldeko txistulariek eta Berrio-Otxoa orfeoiak kontzertua eskainiko dute plazan, egitaraua osatuz.
Horretaz gainera, arratsaldeko 17:00etan berriro ere alardean irtengo dira Errebonbiloak, eta dantzarako tartea ere hartuko dute gazteek ondoren. Plazan eskainiko dute dantza erakustaldia.