Eskola Kirola zerbitzua ikasle gehiagori zabalduta

Anboto 2011ko ira. 23a, 09:18

LHko hirugarren eta laugarren mailetako ikasleek ere parte hartu ahalko dute aurten

LHko hirugarren eta laugarren mailetako ikasleek ere parte hartu ahalko dute aurten.

 

Elorrioko Udalak ikasturte honetan Eskola Kirola zerbitzua eskaintzen jarraitzeko kontratazioa arautuko duen administrazio baldintza-agiria onartu du. Zerbitzu horrek herriko umeei eskola-orduetatik kanpora kirola egiteko aukera eskaintzen die.

 

Lehen Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailako ikasleek ez eze, aurten hirugarren eta laugarren mailakoek ere parte hartu ahal izango dute. “Ekimen polita dela uste dugu, eta ume gehiagori zerbitzu honetaz gozatzeko aukera eskaini gura diegu”, azaldu du Ana Otadui Elorrioko alkateak. Matrikula 80 eurotan ezarri dute. “Ekimen honen helburua kirola lehia-jarrerarik barik egitea da”, azpimarratu du Otaduik. Umeek beste ikastetxeetako ikasleekin hartu-emanak sendotu eta herrian ohikoak ez diren kirolak –piraguismoa, arku jaurtiketa eta eskalada, esaterako–, prakikatzen hasteko aukera edukiko dute.

 

Ikastetxeei diru-laguntzak

Bestalde, udalak herriko bi ikastetxeri kirol-instalazioak hobetzeko diru-laguntzak ematea onartu du. Lourdes Eskolak 8.353 euro jasoko ditu eta Txintxirri Ikastolak 4.504 euro. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!