Gazteen danborrada eta Kainaberaren elkartasun azoka ospatuko dira etzi.
Asteburu honetako azken trakagaz amaituko dira aurtengo Ferixa Nausikoak. Lepoan egun askoko parranda eta nekea eroan arren, oraindik ere festarako prest izango dira elorriarrak.
Bihar Sukalki Eguna ospatuko dute Aldatzekuan. Goiz-goizetik izena emateko eta erreserba egiteko deia egin dute, eta eguerdirako mahai gainera aterako dituzte kazolak. Erromeriak girotuko du bazkalostea, Bentazaharreko mutilekin. Gero, karroza jaitsiera egingo dute, txaranga eta guzti, arratsaldeko 18:30ean.
Domekan ere ez da ekitaldi esanguratsurik faltako. Kainaberak eratutako elkartasun jaialdiak plaza hartuko du goizean, eta herri-kiroletan aizkolari zein harri-jasotzaileak lehiatuko dira, 13:00etan. Arratsaldeko 17:00etan umeen danborradaren txanda izango da, 18:30ean bertso saioari paso emateko: Sustrai Colina, Oihana Bartra, Miren Amuriza eta Beñat Ugartexeak jardungo dute, Maite Berriozabalen esanetara.
Senegal, Nikaragua, Mali, Kolonbia, India, magreb, Bolivia, Ecuador eta Euskal Herriko jakien bitartez, Elorrion bizi diren hainbat kultura ezagutzeko aukera emango du Kainaberak eratutako Elkartasun Egunak. Gastronomia kontuez gain, kultura bakoitzeko zenbait berezitasun ikusteko aukera ere egongo da: musika, janzkerak, artea, ohiturak... Kultura arteko jai horretan batzen den dirua Tanzaniara bideratuko dute. bertan Luis Zubia misiolari elorriarra bizi da, eta nekazaritza alorrerako diru laguntzak eskatu ditu.
Astelehenean, 22:00etan, idi-probetako azken saioak emango dio amaiera irailaren 2an hasitako egitarauari.