Elorrio futbol taldeko jokalariak izango dira jaietako pregoilari bigarren urtez jarraian; mutilen lekukoa hartuta, aurtengoan neskak izango dira txupina jaurtitzeaz arduratuko direnak. 2010-2011 denboraldia bikaina izan da futbol taldeentzako; gizonezkoen zein emakumezkoen lehen taldeek mailaz igotzea lortu dute. Bigarrenek liga irabazi dute, gainera.
Gaur egin dute jaien aurkezpen prentsaurrekoa Ana Otadui alkateak eta Fernando Azkarate Kultura zinegotziak. 165.000 euroko aurrekontua dute jaiek, eta besteak beste, 22 musika emanaldi eratu dituzte. Animazioak ere garrantzia hartuko du, 11 ekitaldigaz. Azaldu dutenez, plazan bakarrik ez, Urarkan eta Aldatzekuan ere izango dira ekintzak; plazatik herri osora zbabaldu gura dute jai-giroa. Bestalde, zelan ez, pisu handiko egunak izango dira Azokarena, koadrilena eta sukalkiarena. Otadui eta Azkaratek, herritarrei parte-hartzeko deialdia egin diete, beti ere elkarrenganako errespetuz eta gizatasunez; emakumeenganako erasoen inguruan indar handiz egin dute berba. Horretaz gainera, “Elorrio jai baketsuetan erreferentzia izan dadila” gura dute, “ezarrita dagoen irudi distortsionatua" aldatzeko.
Badatoz Ferixa Nausikoak ekitaldiz beterik, herritarren jai gosea asetzeko helburuz.