Arratsaldeko 18:00etan jasoko dute txopoa auzotarrek.
Egun handia domekakoa bada ere, gaurko eta biharko ere ekitaldi piloa eratu dituzte Elorrioko San Agustin auzoan. Txopoa gaur altxatuko dute 18:00etan, eta ondoren trikitilarien txanda izango da, auzo-afariagaz jarraituz. Bihar goizean Artiabasora irteera egingo dute, eta 18:00etarako laguntza-txakurren taldearen erakustaldia prestatu dute. Musika DJ Xaiborrek eta Txabolakumeak taldeak ipiniko dute, gauez.
Domekan, 11:30eko mezaren ostean, dantzak eta bazkaria etorriko dira. Umeek ez dute aspertzeko tarterik edukiko arratsaldean, eta Luhartzen erromeriak itxiko du egitaraua.