Antzerki obrak, zirku garaikidea eta musikak kulturen jaialdian

Anboto 2011ko uzt. 13a, 08:46

Antzerki klasikoa, musika emanaldi bi eta zirku garaikidea eskaintzen ditu, besteak beste, asteburu honetan eta hurrengoan Musikairek Elorrion

Antzerki klasikoa, musika emanaldi bi eta zirku garaikidea eskaintzen ditu, besteak beste, asteburu honetan eta hurrengoan Musikairek Elorrion.

 

Uztailaren 15ekoa da Musikaire jaialdiko asteburu honetako antzerki eta zirku emanaldietan lehenengoa. Guztira, dozena bat kultur emankizun ekarri dituen Musikaire jaialdia proposamen interesgarriekin ixteko aukera dakarkigu, asteburu honetan eta hurrengoan, Elorrioko jaialdiak.

 

Uztaileko jaialdian, besteak beste, Euskal Herriko Markeliñeren proposamena zein Kukai, Oreka Tx eta Amaren Alabak taldeen elkarlanaren emaitza izan ditugu gozagai. Datozen egunetan, Valentziako eta Gaztela Leongo talde biren antzezlanak eta Euskal Herriko konpainia baten zirku garaikidea ditugu aukeran.  

 

Orain  bi urte aurkeztu zuten eta urteotan Espainiako hainbat antzerki jaialditan sariak jaso dituen Pelmànec konpainia valentziarraren lana da barikuan, uztailaren 15ean, Musikairen izango duguna; datozen asteetan Frantzian, Nafarroan, Madrilen eta Bartzelonan eskainiko duten Don Juan memoria amarga de mí. Antzezle bakarra –Miquel Gallardo– eta tamaina handiko hiru txotxongilo ditu protagonista.

 

Bizi den garaiko arau etiko eta erlijioso guztiak apurtzen dituen eta gazterik hiltzera kondenatuta dagoen Don Juanen mitoan oinarritutako istorioa da Elorrion barikuan ikusgai izango duguna. Beragandik ihesean doan heriotzaren aurrean Don Juan-ek hartzen duen jarrera kontatzen du obrak, Tirso de Molina, Zorrilla, Moliére edo Palau i Fabreren testuetan oinarrituta.

 

Antzerki klasiko emanaldia da, berriz, uztailaren 16an, 22:30ean, Elorrioko plazak hartuko duena: Gaztela Leongo Morfeo Teatro-ren El sombrero de tres picos istorio korapilatsu eta barregarria.

 

Datorren asteburuan, musika emanaldi bik emango dute 2011ko Elorrioko Musikaire amaitutzat. Aurretik, baina, bariku, zapatu eta domeka honetan, badago zer gozatua Elorrion: familia osoari zuzenduriko eta Euskal Herrian sorturiko zirku garaikide ikuskizuna ekarriko du Circus-tanzia taldeak, esaterako, domekan. 

 

Kletzmer musika dantzagarri eta alaia, Amsterdamdik plazara

• Amsterdam Kletzmerband
• Uztailaren 23an, 22:30ean
• Elorrioko plazan

\"\"
Zazpikote honen musikak 
emango du aurtengo Musikaire 
jaialdia amaitutzat: saxo, perkusio, tronpeta, tronboi, klarinete eta akordeoi doinuen uztarketak. Balkanetako, Errumaniako zein Turkiako kletzmer doinuak ekarriko dituzte Europa iparraldetik. Herbeheretako hiriburuan, Amsterdamen, 1996an sortutako taldea da Kletzmerband hau.
Musikariek eurek esana da Kletzmer musikaren zale puristek ez dutela egiten dutena gustuko izango. Jaia dira kontzertuak; doinu alaien dantza.
Uztailean Belgikan kontzertuak eskaini eta gero datoz Elorrioko Musikairera, Budapestera doaz abuztuan, eta Alemanian eta Herbeheretan hainbat zuzeneko eskainiko dituzte datozen hilabeteetan.
Aurten kaleratu duten Katla izeneko diskoak Alemaniako musika kritikaren saria jaso du. Amsterdam Kletzmerband taldekoen berbetan, ska zein hip-hop doinuek ere badaukate lekurik euren sorkuntzetan.

 

 

 

 

 

Afrikan erroturiko doinuen eta  jazzaren iturrietatik edandakoa

 • Mulatu Astatke
• Uztailaren 22an, 22:30ean
• Elorrioko plazan

\"\"
Jazz musikari etopiarraren emanaldia jasotzen du, uztailaren 22rako, Elorrioko Musikaire jaialdiaren zuzeneko eta haizetarako musika eskaintzak. 
Londresen,
1960ko hamarkadan New Yorkeko jazz klubetan ikasitakoa da Astatke. Duke Ellington lakoekin AEBtako jazza, funka edo Karibeko doinuak zein erritmo latinoak ezagututa, 70eko hamarkadan egin zuen Mulatu Astatkek buelta Etiopiara; bere jatorriko lurreko doinuetara, folkera.
Testuinguru horretan sortu eta garatutakoa da uztailaren 22an Elorrion emanaldia eskainiko duen Mulatu Astatke-ren Afro-jazza, “Ethio-jazza”: tradiziotik jasotakoa zabalduz, bide berriak zabaldu guran eta estruktura harmoniko berriak jorratuz jardun izan du. Doinu instrumentalak eskainiko ditu Elorrioko plazako kontzertuan.
Etiopiako tradizioko instrumentuak aztertzen darrai Astatkek gaur egun, eta baita zinemarako doinuak sortzen ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!