Berrio-Otxoa eguna jai egun Elorrion eta Bizkaia guztian

Anboto 2011ko uzt. 4a, 09:35

Durangaldeko XV. Azoka Ekologikoa ospatuko dute San Balentin egunean

 Durangaldeko XV. Azoka Ekologikoa ospatuko dute San Balentin egunean.

 

Txistularien kalejiragaz  hasiko dute, astelehenean, San Balentin Berrio-Otxoa eguna Elorrion. Ohitura denez, bere izena duen kalea santuaren irudia josita duten izarekin beteko da. Egitarau zabala prestatu dute astelehenerako. Aurten berezia izango da eguna; San Inazio eguna domeka denez, Bizkaia osoan izango da jai uztailaren 4a.

 

12:00etan meza nagusia izango da Sortzez Garbiaren Basilikan, eta Mario Izeta gotzaina etorriko da elizkizuna ematera. 13:30 aldera, Berrio-Otxoa kalean luntxa ipiniko dute, eta A Magnifique Bande-ren musika ekitaldia egongo da. Arratsaldean afizionatuen pilota partidak jokatuko dituzte plazako frontoian, 17:00etan. Eguna amaitzeko, Musikaire jaialdiko ekitaldia dago: Niño Costrinigaz.

 

Azoka Ekologikoa
Goizean, Elorrixa ekologia elkarteak antolatuta, Durangaldeko XV.  Azoka Ekologikoa egingo dute, eskualdeko eta Bizkaia osoko nekazarien postuekin. Azoka Ekologikoa San Pio kalean ipiniko dute, plaza ondoan.  

 

JESUS MARI AGIRRE
Balentin Berriotxoa santuaren kofradiko lehendakaria

 

Gaurko eguneko meza ostean bazkaritarako ohitura daukate Balentin Berrio-Otxoa santuaren kofradiko kideek. Guztira, 140 pertsona inguru elkartuko direla azaldu digu Jesus Mari Agirre kofradiako lehendakariak. Berrio-Otxoaren bizitzaren berri emateko sortu zuten kofradia duela hamar urte.

 

Noiz sortu zen kofradia eta zer helburugaz?
2001ean sortu genuen. Beste leku batzuetan kofradiak zeudela ikusi genuen –adibidez, San Inaziorena–, eta pentsatu genuen ea zergatik ez hemen. San Balendinen irudiari indarra emateko helburuagaz sortu genuen kofradia. Munduan bere irudia zabaldu gura dugu, eta horretarako, zelan ez, etxetik hasi behar.

 

Zelako ekintzak egiten dituzue kofradian?
Berrio-Otxoaren ibilbidetik ikusi eta ikasi gura dugu, eta bere bizimodua ezagutarazi. Buruan gauza asko daukagu. Eliza atzean dagoen eskultura konpondu gura dugu, oso hondatuta dagoelako. Berrio-Otxoa abesbatza eta parrokiako koruagaz disko bat grabatzeko proiektua daukagu, Berrio-Otxoari buruz dauden abestiekin. Sei edo zazpi daude batuta, Enbeitaren bertso sortak eta Don Claudio Gallastegiren abestiak tartean.

 

Uztailaren 4a Bizkaia osoan jai eguna izango da aurten. Horrela behar luke beti?
Gure asmoa noiz edo noiz San Balendin Bizkaiko zaindari izendatzea da. Orain bigarren patroia da, San Inazioren atzetik. Karmelo Etxenagusiak Erroman zer edo zer mugitu zuen bere garaian, baina oso gaitza izan behar da zaindari bat dagoenean hura beste bategatik aldatzea. Karmelo Etxenagusiak azaldu zuenez, baldintza oso zehatz batzuk bete behar dira; zaindari hori ez zela existitu edo ez zela hain eredugarria izan forgatu beharko litzateke, adibidez.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!