Inbertsore berriak behar ditu fundizioak, eta horiek bilatzeko ahalegina eskatu die CCOOk erakundeei. Enpresa zarratzeko arrisku larrian dagoela adierazi dute: "egun kontua da; laster beharginek ez dute lanik izango".
Azken hilabeteotan inbertsore berrien zain dago Fytasa-Ductilor. Likidazio prozesuan, amaitzeke dituzten lanak burutzen dabiltza une honetan, eta inbertsore berririk ageri ezean, fundizioa zarratu egin beharko dute. Egoera horren aurrean, sindikatuek “jabeen kudeaketa txarra” salatu dute berriro, eta CCOOk instituzioen “inplikazio falta” salatu du: “inbertsoreak lortzeko moduak topatzeko ahalegina” eskatu diete erakundeei.
Roberto Martin eskualdeko CCOOko arduradunak nabarmendu duenez, neurriak ahalik eta lasterren hartu beharko lirateke: “egun kontua da; laster beharginek ez dute lanik izango”.
Fytasa-Ductilorren 100 langile inguruk egiten du lan. CCOOren iritziz, “enpresak kudeatzaile egoki batzuekin errentagarritasunera bueltatzeko aukerak ditu, horretarako teknologia, produktua eta merkatua dauzkalako. 1915ean sortutako fundizioa ez zarratzeko aukera guztiak ez baliatzea barkaezina litzateke”.