Antzinako Ogibideen Azoka hilaren 18an, San Agustinen

Anboto 2011ko eka. 13a, 10:00

Ekainaren 18an San Agustin auzoan denboran atzera egingo dute Aintzinako Ogibideen V. Azokan.

Ekainaren 18an San Agustin auzoan denboran atzera egingo dute Aintzinako Ogibideen V. Azokan.

Bi urterik behin Olazar auzo elkarteak eta udalak antolatzen duten azokan, erakusketez gainera, tailerrak, antzerkia eta jolasak egongo dira. Aspaldiko kontuetara, baina, ez dira zapatuan bakarrik gerturatuko; astean zehar historia arloko hitzaldi bi antolatu dituzte, esaterako.

\'Nafarroako konkista 500 urte\' berbaldiagaz hasiko dira azokaren inguruko ekimenak eguaztenean. Kultur etxean eskainiko dute berbaldi hori. Barikuan San Agustingo elizara Toti Martinez Lezea idazlea etorriko da Erdi Aroko ohituren gaineko hitzaldia ematera. 20:00etan izango da hitzaldi hori, eta ondoren Berriotxoa Abesbatzak kontzertua eskainiko du elizan bertan.

Zapatuko azoka
Hilaren 18an, 11:00etan hasiko da azoka, hainbat ogibideri buruzko erakusketekin; errementariak, buztingileak, okinak, jostunak, harginak... xaboia eta papera egiteko tailerrak eta gazta egiten zein zaldiak perratzen ikusteko aukera ere egongo dira. Umeentzat jolasak, tailerrak eta antzerkia antolatu dituzte. Hegaztien erakusketekin amaituko da eguna.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!