Belaunaldien arteko martxa antolatu dute hilaren 12rako

Anboto 2011ko eka. 5a, 09:07

Ume, gazte, heldu eta nagusien hartu-emanak sustatzeko helburua dauka

Ume, gazte, heldu eta nagusien hartu-emanak sustatzeko helburua dauka

Gazteek nagusioi gauza asko erakutsi ahal dizkigute, eta guk eurei ere bai, urteetako esperientzia daukagu-eta”. Belaunaldi arteko hartu-emanak  eta zahartze aktiboa sustatzeko martxa berezia egingo dute ekainaren 12an.Elorrioko  auzoetatik hiru ibilbide antolatu dituzte nagusiak, helduak, gazteak eta umeak elkartzeko; belaunaldien arteko martxa izango da. 

Bizkaiko nagusien elkarteak batzen dituen Nagusiak elkartearen ekimena da belaunaldien arteko martxa, eta amankomunazgoa, Elorrioko La Esperanza elkartea eta Erdella mendizale taldea dabiltza hilaren 12ko eguna antolatzen. Durangaldeko nagusien elkarte guztietara zabaldu dute deia. Xabi Ipiña Nagusiak elkarteko lehendakariak azaldu duenez, nagusien elkarteak herrira zabaltzeko bidea ere bada martxa: “Ekimenaren berri eman behar dugu inguruan; tabernetan, ikastetxeetan eta  herriko elkarteetan”.

Ipiñak eta martxaren antolatzaileek zahartze aktiboaren aldeko apustua egin dute: “Nagusiok ez gara gizartetik kanpora egon behar; bertako arazo guztiak entzun behar ditugu eta aktiboak izan behar dugu gure herriaren garapenean eta hobekuntzan”.

Martxak arrakasta izatea eta datozen urteetan “ekintza finkoa” bihurtzea itxaroten du Amankomunazgoko lehendakari Marian Larraurik. Niko Moreno Elorrioko alkateak ekimen “txalogarria” dela esan du, eta Esperanza eta Erdella elkarteen “lan egiteko ilusioa” nabarmendu du.

Hiru ibilbide

Erdellak hiru ibilbide zehaztu ditu hilaren 12rako. Hirurak San Agustinen hasten dira eta Aldatzekuan amaitu. Luzeenak 9,5 km ditu, ibilbide ertainak 6, eta laburrenak 2 km pasatxo. “Baldintza fisikoak oztopo ez izateko moduko bideak dira”, adierazi du Morenok. Informazioa www.nagusiak.org atarian dago eskuragai.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!