Emakume eta gizonen arteko berdintasunaren diagnostikoan oinarritu dira
Parekidetasunean aurrera egiteko lan tresna berria onartu berri dute Elorrion; III.Berdintasun Plana. Plan berria osotzeko herrian gaur egun gizon eta emakumeen arteko berdintasunak bizi duen egoera aztertu dute. Gainera, plana garatzeko prozesuan, jarraipena egiteko talde bat sortu dut, Lilika eta Elorri Lore emakume elkarteko kideekin eta norbanakoekin.
Oreka Sarea enpresa arduratu da gaur egungo errealitatearen diagnosia egiteaz, eta, tartean, hainbat esparrutako herritarrek eta udal langileek parte hartu dute. Horrez gainera, berrikuntzetako bat jarduerak garatzeko kronograma egin izana da. Jarduera bakoitzak, lehenengoz, bere arduraduna izango du.
Orain arteko planak bi urterako baziren, berri hau lau urterako egitasmoa da; Berdintasunerako Zerbitzua eta udaleko gainerako sailen lanerako gida-lerroa izango dela azaldu du Itziar Agirretxe berdintasun arloko zinegotziak. Datorren legegintzaldian tresna “kontzienteki” erabiltzeko eskatu du: “Tresnak bere horretan ez du funtzionatuko; konpromisoa eta lana behar dira”.