Hainbat alderdi politiko, sindikatu eta ekologia arloko taldek planaren kontrako testua aurkeztu dute udalbatzean eta auzitegietara joateko asmoa erakutsi dute.
Hainbat alderdi politiko, sindikatu eta ekologia arloko taldek planaren kontrako testua aurkeztu dute udalbatzean eta auzitegietara joateko asmoa erakutsi dute.
Hainbat ekarpenekin testu osotua egin eta gero atzoko udalbatzan onartu du behin betirako Hiri Antolamendurako Plan Nagusia (HAPN) Elorrioko udalbatzak. Gobernu taldearen, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu da plana, eta EHAko zinegotziak kontra bozkatu du.
Planaren kontrako hainbat taldek egitasmoa \"basatia eta espekulatiboa\" dela salatu zuten eta atzo goizean euren iritzia azaltzeko testu bat erregistratu zuten udalean, \"udalbatzak hausnarketa egin zezan\". Testu hori talde hauek sinatu dute: Bizirik Betiko, Ekologistak Martxan, Auzo Koordinadora, San Anton Bizirik, Deshazkundea, CCOO, EHA, EB-Berdeak eta Aralar. Atxikimenduak batzen jarraitzen dutela azaldu dute.
Aurkeztutako txostenean Pulla-Azkarretako lurrak industria eremu bihurtzea salatu dute, \"Eusko Jaurlaritzaren Landaren eta Itsartzearen Garapenerako Zuzendaritzak egindako txostenari jaramon egin barik\". Txosten horrek San Antongo lurrak \"nekazaritzarako balio handikoak\" direla eta babestea gomendatzen du. Planaren aldeko alderdiek txostena loteslea ez dela nabarmendu dute.
Planaren kontrako eragileek kritikatu dute onartu den planak \"lehen onartezintzat jotzen ziren proposamenak jasotzen dituela\". Niko Moreno alkateak gezurtatu egin du hori, eta azaldu du \"proposamenak, datuak eta prozedura bera\" ez direla \"berdinak\".
Egitasmoaren gaineko errekurtsoak jarri izan dituzte talde hauek arinago, baina EAEko Auzitegi Gorenak atzera bota ditu, HAPN onartuta egon arte horrelakorik egin ezin zelako. Orain berriro epaitegietara joateko asmoa erakutsi dute idatziaren sinatzaileek.
Hona hemen dokumentuak izan dituen aldaketa batzuk:
- EHNEren alegazio bati kasu eginda, San Antonen, industria lurren alboko 15 hektarea Lurren Banku Publikoan sartuko dute. Lur horietan nekazaritza bultzatzeko negozioazioa hasiko du udalak Bizkaiko Foru Aldundiagaz.
- San Eloy alboan eta Kurutzondo eta Montorroste artean errepideak egitea, herri barruko trafikoa arintzetko
- Kurutzondoko ortuetatik aurreikusten zen errepidea ez da egingo
- Babesko etxebizitza kopurua handitu egin dute azken dokumentuan. San Antonen, Goietan, Montorran, San Pion, Montorrosten eta Ibarra eta gasolindegi artean aurreikusi dute horrelako etxebizitzak eraikitzea.
- Ibarra eta Torrekua baserriak babestu egingo dituzte.