Elorrioko auzoen ondarea ezagutzeko bisita gidatuak antolatu ditu Udalak, apirila eta maiatzean zehar. Lurdesko Ama ikastetxean hasi eta Zenita auzoan barrena izango dira bisita horiek
Elorrioko auzoen ondarea ezagutzeko bisita gidatuak antolatu ditu Udalak, apirila eta maiatzean zehar. Lurdesko Ama ikastetxean hasi eta Zenita auzoan barrena izango dira bisita horiek.
Gutxi gorabehera ordu biko ibilbideak antolatu dituzte eta \"landa ondarea ezagutzeko eta gure arbasoen bizimoduaren antolaketari buruz apur bat gehiago jakiteko aukera paregabea eskainiko dute\", antolatzaileek azaldu dutenez.
Ibilbide horietan, besteak beste, honako elementu hauek ikusteko aukera izango dituzte parte hartzaileek: errotak (horietako bat funtzionamenduan), garbilekuak eta Uratsa lez ezagutzen den sulfurodun iturria, besteak beste. Azkenik, VII-IX mendeetako kareharrizko 21 hilobiek eta bost hilerriek osatzen duten Arguiñetako nekropolia ere bisitatuko dute; Euskal Herriko hilobi-monumentu garrantzitsuenetariko bat da hori.
Apirilaren 23an eta maiatzaren 1 eta 7an izango dira bisitak, euskaraz. Gazteleraz egingo dira, berriz, apirilaren 24 eta 30ean, eta, maiatzaren 8an. Bisitak 11:00etan hasiko dira eta, esan bezala, Ludesko Ama ikastetxetik aterako dira. Erreserba egitea beharrezkoa da: 94 603 20 32 (09:00-14:00) telefono zenbakian edo iturri@elorrio.net (Iturri kultur etxea) helbide elektronikoan. Euro bat ordaindu beharko da eta oinetako erosoak eroatea gomendatu dute antolatzaileek.