Lan arloko eskubideen berri eman eta zalantzak argituko dituzte
Lan arloko eskubideen berri eman eta zalantzak argituko dituzte.
Eszedentziak, bajak, zaintzarako lan-uzteak, jubilazioa, alarguntasun pentsioa... Horrelako eskubideen gaineko aholkuak emango dituzte abokatu bik, datorren astean, Elorrioko kaleetan. Eskubideak bertatik bertara da ekimenaren izena, eta udaleko Berdintasun Sailak antolatuta genero ikuspegia duten abokatuak etorriko dira. Martitzenean anbulategi alboko jolas parkean izango dira, 17:00etatik 19:00etara, eta barikuan, berriz, plazan, ordutegi berdinagaz.
Zuzenbide gaiak \"arrotzak eta zailak \" egiten zaizkie emakume askori, eta arlo horiek gerturatzea da ekimenaren helburuetako bat. \"Eskubideak ezagutzen ez baditugu ezin ditugu praktikan ipini\", azaldu du Maitane Iribar berdintasun teknikariak: \"Eskubideak ezagutzeaz gainera, horiek gauzatzeko tresnak eta baliabideak zeintzuk diren azalduko dute aholkulariek\".
Lan munduan, \"batez ere amatasuna tartean denean\", emakumeek diskriminazioa jasaten dutela nabarmendu du Iribarrek. Emakumeak eta gizonak animatu gura ditu teknikariak; ekimenaren helburuetako bat \"gizonek aitatasunaz hausnartzea eta etxeko lanak eta umeen zaintza partekatzea\" ere badela adierazi du.
Emakume Eskolatik
Legeei buruzko ikastaroa Emakume Eskolaren barruan antolatu zutenean \"harrera oso ona\" izan zuela azaldu du Maitane Iribarrek: \"Horregatik, ekimena herrira zabaltzea erabaki dugu\". Zuzenbide gaietara gerturatu eta emakumeek formazio hori edukitzea garrantzitsua dela nabarmendu du berdintasun teknikariak.
Aholkularitza juridikoa \"sindikatuetako kideentzat, enpresetako arduradunentzat edo interesa duen edonorentzat baliagarria\" izan daitekeela adierazi du Iribarrek.