Badihardugu euskara elkarteak hainbat grabaketa egin ditu herriko euskara aztertzeko ikerketaren barruan. 18:30ean egindako grabaketen aurkezpena egingo dute udaletxeko batzar aretoan.
Elorrioko Udalak herriko euskara aztertzeko asmoarekin Badihardugu Elkartearen zerbitzua kontratatu zuen duela pare bat urte. Tarte horretan, adineko 35 herritarren ahotsak jaso ditu euren bizipenak kontatzen. Elkarrizketa horiekin eta arinago jasotako materialagaz herriko euskara aztertzen dabiltza, eta maiatzerako azterketa horren emaitzak kaleratu gura dituzte, liburu edo beste formaturen baten.
Bittor Uriarte Elorrioko euskara teknikariak azaldu duenez, ikerketaren helburua \"Elorrioko euskara jasotzea da, aurreratzean jakiteko zer ezaugarri izan dituen\". Jaso duten materiala, besteak beste, ikastetxeetan lantzeko material egokia izan daitekeela azaldu du Uriartek.
Gaur 18:30ean hasiko den ekitaldian 80 urte inguru edo gehiago dituzten herritar horiei egindako elkarrizketen zatiak proiektatuko dituzte, eta Badihardugu elkarteak lana zelan egiten duen azalduko du.
Ahotsak.com ataria kudeatzen du Badiharduguk, eta laster Elorrioko elkarrizketa hauek web gune horretan zintzilikatuko dituzte. Arratsaldeko ekitaldian, elkarrizketatuei euren elkarrizketen DVDa emango diote eta taldeko argazkia aterako dute.