7.100.000 euroko aurrekontuak onartu dituzte

Anboto 2011ko mar. 25a, 12:28

Iaztik % 1,5 hazi dira udaleko aurrekontuak. 2011rako inbertsioen artean, Berrio-otxoa kaleko bigarren faseko -Txantxibiri kaleko- beharrak amaitzea aurreikusi dute. Bozkaketan, EAJ abstenitu egin da, eta PSEk eta EHAk kontra bota dute.

Iaztik % 1,5 hazi dira udaleko aurrekontuak. 2011rako inbertsioen artean, Berrio-otxoa kaleko bigarren faseko -Txantxibiri kaleko- beharrak amaitzea aurreikusi dute. Bozkaketan, EAJ abstenitu egin da, eta PSEk eta EHAk kontra bota dute. \"Iazko oinarri berekin\" diseinatu dute Elorrioko Udalean 2011rako aurrekontua. Gastu arrunten murrizketa egin dutela azaldu du Niko Moreno alkateak, eta ibilgailuen eta zaborraren zergak igo dituzte diru-sarrerak hazteko asmoz. Azkenean 7.100.000 euroko aurrekontua aurkeztu zuten atzoko udal batzan, eta onartu egin dute, EAJren abstentzioagaz eta PSE eta EHAren kontrako botoekin.

Inbertsioak

Hona hemen aurrekontuak batzen dituen inbertsio nagusiak: - Berrio-otxoa kaleko bigarren faseko lanak amaitzeko, 487.000 euro bideratuko dituzte. - San Pio eta Ibarra arteko bidea egiteko proiektua idazteko diru partida gorde dute. - Aldapabeitia jauregiko teilatua konpontzea aurreikusi dute. Aldapabeitia lehenago Osakidetza, eta ostean behin-behinean Intxorta eta Gaztetxea egon ziren jauregia da. - Pertsona nagusientzako parke bio-osasuntsu bat egitea, ariketak egiteko aparatuekin. Aldatzekuan edo beste zonalde baten ipintzea aztertzeke dago. - Arriolan proiekzio digitala ezartzeko sistema ipintzea aurreikusi dute - Nizeto Urkizu kalean argiztapena aldatuko dute

Eztabaida gaiak

Gastu sozialak PSEko Marik Carmen Muñozek nabarmendu du \"Gobernu Taldeak ekarpenak jasotzeko jarrera ona\" eduki duela, eta ekonomia eta gizarte gaiekin zerikusia duten hainbat partida kritikatu du. Laguntza sozialak 13.500 eurotik 18.500era igotzea ez da nahikoa Muñozen iritziz. Presoen senideei ematen zaizkien dirulaguntzen gainean, aurten ere, \"justifikatu barik\" daudela salatu du. Niko Moreno alkateak erantzun dio laguntza sozialen kudeaketa mankomunitatearen esku egoten dela, eta udalak \"kasu larrietarako laguntza\" eskaintzen duela. Laguntza horretako partida \"beti zabalik\" egoten dela argitu du, \"kasu urgenteren bat egoten bada\". Presoen familien laguntzen gainean, \"kostuen % 25 ere ez dela kubritzen\" azaldu du. Ume jaio berrientzako laguntza EAJk, hainbat proposamenen artean, ume jaio berrientzako edo adopatu berrientzako txeke bat sortzea proposatu du emendakin bidez. Familiari 300 euro ematea izango litzateke kontua, eta horretarako 18.000 euro gordetzea, gero Elorrioko dendetan gastatzeko. PSEk emandakinaren alde bozkatu du, baina Gobernu Taldeak kontra. Morenok azaldu duenez, \"neurria eraginkorra ez dela pentsatzen dugu; ez du jaiotza-tasa handitzen lagunduko, eta merkatarientzako ez da hain laguntza handia\".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!