Hasi dira Udalatx azpiko tunela zulatzen, iparraldetik

Anboto 2011ko mar. 24a, 14:35

Orain dela aste bitik gau eta egun dabiltza Santa Luzia inguruan obretan

Orain dela aste bitik gau eta egun dabiltza Santa Luzia inguruan obretan. Hegoaldetik hasi ziren 2009an AHTaren ibilbidean Udalatxeko tunela egiten, eta orain iparraldetik, Elorrio aldetik, hasi dira zulatzen. Adifetik azaldu dutenez, \"ia-ia tunelaren erdia eginda\" dago, eta beste muturretik ekin diote 3.160 metroko luzera edukiko duen tunelari. Abiadura Handiko Trenaren ibilbideko bigarren tunel luzeena izango litzateke. Udalatx azpian trenbide bikoitza ipintzeko tunela egiten dabiltza. 85 metroko azalera edukiko du. Tunelaren bi muturretan 12 metroko tunel artifizial bi egiteko asmoa dauka Adifek.

Lanak, egunez eta gauez

Iguria ingurura duela hilabete inguru heldu ziren beharginak bidea prestatzeko, eta lanek kaltetutako auzokide batek azaldu duenez, duela pare bat aste hasi ziren tunela zulatzen. Beharrean \"gau eta egun\" dabiltzala-eta ,auzokideek euren kexa adierazi diete beharginei: \"Astelehenean, adibidez, piketa bategaz zarata handia atera zuten\". Ingurugiro-inpaktuaren txostenak batzen dituen mugetatik \"bat bera ere ez\" dabiltzala errespetatzen salatu dute auzokideek. Txosten horrek zehazten duena \"errespetarazteko beharra\" nabarmendu dute. AHT Gelditu! elkarlaneko kideak, euren aldetik, atzo ziren batzartzekoak eta laster emango dute euren irakurketa eta asmoen berri.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!