Kultur etxe aurreko espaloia zabalduko dute

Anboto 2011ko mar. 16a, 09:32

Casajara etxeko jabeek lorategiko metro bi utzi dizkiote udalari, jausteko arriskua eduki duen harresia bota, eta espaloia zabaltzeko.

Casajara etxeko jabeek lorategiko metro bi utzi dizkiote udalari, jausteko arriskua eduki duen horma bota, eta espaloia zabaltzeko. Iturri kultur etxe pareko espaloian hesi batzuk ipini zituen udalak aspaldi, han dagoen harrizko hormak jausteko arriskua zeukalako. Orain, udalak, horma hori bota eta espaloia zabalduko du. Casajara etxeko jabeekin tratua egin dute udal ordezkariek, eta udalaren kargu egongo da harresia botatzea eta metro bi atzerago harresi berria eraikitzea. Niko Moreno alkateak azaldu duenez, \"harresia atzeratuta ikusgaitasuna handituko da\". Eskolara eta kultur etxera joateko jende asko pasatzen da leku horretatik. Udalak harresia botatzeko agindua egin eta gero heldu dira akordiora jabeekin. Lanek 34.000 euroko kostua edukiko dute eta Kumenorte enpresa arduratuko da beharrak burutzeaz. Harresiaren gaineko beharrez gain, lorategi barruan dagoen ezki gaixo bat bota dezaketela azaldu du Morenok: \"oso gaixorik dago eta egun haizetsu baten errepidera jausteko arriskua egon daiteke\".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!